Aurten Urdiainen bost kinto daude: Igor Aldasoro, Amaiur Zubiria, Adur Lekuona, Amaiur Goikoetxea eta Naiara Ayerbe. Haiekin batera zazpi kinto zahar eta hamazazpi kinto gazte ibiliko dira. Beraz, kinto segizioa 29 gaztez osatuta egonen da. Guztiak ere baserritarrez jantzi eta gaur elkartuko dira, bazkaltzera. Mahaitik jaso eta kalera aterako dira trikitilariak eta pandero joleak lagun. Herrian barna arkume baten zozketarako txartelak saltzen ariko dira kintoak. Eta handik ateratako diruarekin kinto ospakizunetako gastuak berdintzea espero dute. Afaldu ondoren parrandarako asmoa dute kintoek.
Larunbat eguerdirako kintoak kalean izanen dira. Berez, kintaden eguna da Urdiainen larunbata, baina COVID-19 gaitzak eragindako osasun egoeragatik aurreko urteetan baino kintada eta jende gutxiago elkartuko dela espero da. Hala ere, aurtengo protagonistak poteoan ibiliko dira. Bazkaldu ondoren errotako eta Sarabeko baserriko bidea hartuko dute. Haietan dantzatu eta dirua eskatu ondoren, afaltzera bueltatuko dira.
Domekan esnatu, gosaldu eta eguerdian plazan izanen dira. Urtero moduan kintoek zortzikoa dantzatuko dute. Baina aurten bada berezitasunik. Joan den urtean, pandemiagatik ospakizunak bertan behera gelditu zirenez, 2021eko kintoek aurtengokoekin batera dantzatuko dute plazan, binaka. Ilbeltzeko asteazken eta ostiraletan Javier Zelaiaren esanetara zortzikoa entseatzen egon dira, eta ikasitakoa plazan erakutsiko dute.
Dantzatu ondoren, arkumea zozketatuko dute kintoek. Eta bazkaldu aurretik herriaren goiko partean kinto eskean ariko dira. Mahaitik jasota, berriz, herriaren beheko partean. Afaldu ondoren, nahi eta gogoa dutenek parranda eginen dute.