Amiantoak eragindako minbiziagatik Magotteaux zigortuta

Guaixe 2022ko ots. 7a, 11:10
Adavan elkartekoak amaintoaren biktimendako konpentsazio funtsa indarrean jartzea eskatzen. ARTXIBOA

Galdaketako langile ohi bati biriketako minbizia diagnostikatu zioten 2011n, eta  disnea handiko biriketako lesio berriak 2020ko irailean. Etxean oxigenoterapiarekin dago. Adavan elkartearen iritziz, “lantokian jatorria duen minbizia ikustaraziz enpresen prebentzio neurriak hobetzen dira”.

Iruñeko Lan Arloko 4 zenbakiko epaileak Magotteau Navarra SA enpresak 320.674 euro (eta interesak) ordaintzera zigortu du. Diru kopuru hori bere langile ohi batek jasoko du. Hari 2011n biriketako adenocarcinoma (minbizia) diagnostikatu zioten eta disnea handiko biriketako lesio berriak 2020ko irailean. Ordutik etxeko oxigenoterapiarekin tratatua dago.

Langileari gaixotasun arruntagatik ezintasun absolutua eman zioten 2007an. Gizarte Segurantzaren Nazio Institutuak lanbide-gaixotasunaren ondoriozko erabateko ezintasuna aitortu zion 2019ko garilean, biriketako adenocarcinoma amiantoaren eraginpean egotearekin bateragarria delako eta kausalitate irizpidea betetzen duelako, gaixo dagoen langilearen tabako aurrekaria edozein dela ere.

Magotteauxek ez zien langileei amiantoak zuen arriskuaren berri eman, ez zien arnas babesik eman langileei, ez zitzaien azterketa mediko espezifikorik egin Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren arabera, gaixoak 12 urtez amiantoaren eraginpean egon zen. Adavaneko, amiantoaren biktimen defentsa eta laguntzarako elkarteko kideek jakinarazi dutenez, “indarrean dagoen Segurtasun eta Higieneari buruzko legeria luzea ez betetzeagatik enpresak dituen erantzukizunak saihesten saiatuz, enpresak argudiatu zuen langilearen biriketako minbizia gaixoaren erretzeko ohituratik eratorria dela, eta gaixotasuna ez datorrela amiantotik”. Adavaneko kideek horrela laburbildu dute epaia: “egiaztatuta geratu da enpresak ez duela bete, kalte bat eragin duela eta kausalitate harremana duela; beraz, demanda baietsi da, eta Magotteaux Navarra SA 

Lan ibilbidea
Langilea Legazpiko Patricio Echeverria enpresan lan egin zuen 1965etik 1972ra eta Patricio Acerosen 1973 eta 1974 urteen artean. Magotteaux Navarran 1974 eta 2007 urteen artean aritu zen lanean. Adavanekoek zabaldu dutenez, gaixotutako gizonezkoak labezain, moldeekin eta balio anitzetako arloetan lan egin zuen. Adavanekoek azaldu dutenez, “galdaketako labeak amiantozko plakaz estalita zeuden, eta, degradatu ondoren, mailu pneumatikoz kentzen zituzten, hauts asko sortuz. Hautsa palekin jaso eta saskietan uzten zuten, gero hondakindegira botatzeko. Labea konpondu ondoren, amianto plakak jartzen zituzten berriro, erresistentziak babesteko”. 

Gaineratu dutenez, “altzairuzko salda isurtzen zuten hareazko moldeetan, amiantoa zuten zorroak eta mazarotak erabiltzen zituzten. Pieza urtua ateratzeko moldea apurtzean, amianto eta harea zuntz edo silize kantitateak sakabanatzen ziren, eta arnastu egin zitezkeen. Lanpostua erratz bidez garbitzen zen, metodo hezerik erabili gabe eta hautsa modu lokalizatuan atera gabe”.

Adavanekoen iritziz “jatorri profesionaleko minbiziaren epidemia ezkutatzearekin bukatzeko, gizarte osoa inplikatzeko garaia iritsi da”. Europako Batzordeak eta Segurtasun eta Osasun Agentziak gaztigatu dutenez, “jatorri profesionaleko minbizia laneko heriotzaren kausa nagusia da”. Elkartetik nabarmendu dutenez, “minbizi mota hori bistaratzeari esker, prebentzio-neurriak hobetuko dira”.