Aurretik Arakilen eta Aranatzen egin bezala, oraingoan Burundan egin zuen deialdia Mintzakide programak. Eta ilbeltzaren 31n, igande goiza, tokiak ezagutzeko eta euskaraz hitz egiteko eskaintza egin zuen iganderako. Urriztin, Urdiaingo igerilekuan, 20 sakandar elkartu ziren. Eta handik Sarabera jo zuten. Ibar txikian, ezker-eskuin, ipar-hego, zer ikusirik badago. Hegoaldean, haitz gainean Iruritako gaztelua zenaren arrastoak gelditzen dira. Eta hara igo ziren Mintzakidek elkartutako sakandarrek. Ibarreko Historiaren lekukotzak ikustearekin batera, goitik dauden ikuspegiekin gozatzeko aukera izan zuten guztiek. Handik San Migel ermita zenaren aztarnak bisitatzera joan ziren. Azken geldialdia Aitziber ermitan egin zuten.
Mintzakide programa euskara praktikatzeko espazioak bermatzea da. Igandekoa programak antolatzen dituen ekintza osagarrietako bat da. Horrelakoan hilean behin egiten dira. Baina hizkuntzaren erabilerari bultzada emateko gaur egun Sakanan hamaika talde daude. Euskara ikasten ari diren eta hizkuntza ez erabiltzeagatik hizketatzea kostatzen zaion jendea elkartzen du. Hiruzpalau pertsonez osatutako taldetxoak dira eta haiekin batera euskara pixka bat gehiago dakien beste kide bat izaten da. Talde bakoitzak erabakitzen du non eta noiz elkartuko diren. Maiztasuna astean behingoa da eta euskara praktikatzeko topaketek ordu bat irauten dute. Mintzakide izan eta euskara praktikatu nahi duenak 600 482 024 telefono zenbakira hots egin edo Whatsapp mezua bidali dezakete. Izen ematea doan da.
Herria | Eguna | Ordua | Tokia |
Irurtzun | Asteartea | 18:00 | Iratxo elkartea |
Ostirala | 09:00 | Pikuxar | |
Ostirala | 19:00 | Pikuxar | |
Lakuntza | Osteguna | 18:00 | Tokiz txandakatzen da |
Arbizu | Osteguna | 18:00 | Juanito taberna |
Iturmendi | Astelehena (bi astean behin) | 19:00 | Aritzaga elkartea |
Altsasu | Astelehena | 16:00 | Koxka |
Osteguna | 10:00 | Kukuerreka elkartea | |
Osteguna (bi astean behin. Euskalkia praktikatzeko) | 20:00 | Lezea | |
Ostirala | 09:00 | Kaixo | |
Ziordia | Ostirala | 16:00 | Liburutegia |