Astekaria

Urdiaingo lokaletik

Erkuden Ruiz Barroso 2022ko mai. 24a, 14:07

Gaizka Lanas, Haritz Goikoetxea eta Euken Perez Haizkan taldeko kideak.

Urte batean taldea sortu, zuzenekoak eman, abestiak sortu eta EP bat kaleratu du Haizkan taldeak. Urdiaingo hiru gazteen proiektua da, Goikoetxea anaiak ez ezik herriko "lehenengo" musikariak. Abestiak sortzen disfrutatzen dute, eta "gogoa" dute.

Urdiaingo euskalkian haizkan haizeak hartzera edo dena pikutara bidaltzea esan nahi du. Duela urte bat inguru herriko musika talde baten izena da ere. Euken Perez bateriajoleak, Haritz Goikoetxea baxujoleak eta Gaizka Lanas gitarrajoleak eta abeslariak sortu dute, eta dagoeneko Etsi lehenengo EP-a kaleratu dute, baita izen bereko bideoklipa argitaratu dute ere. Kontzertuak ematen hasi dira ere.

Hiru urdiaindarrek musika ikasketak dituzte. Perezek hezkuntza musikala sei urtez ikasi zuen, eta behin formakuntza bukatuta bateria jotzen ikasten jarraitu zuen. Kuadrillako lagun batek bateria jotzen ikasten ari zen eta laguna ikustean berari ere zaletasuna sartu zitzaion. Lanasen kasuan trikitixa jotzen hasi zen, txikitan lagun batek jotzen zuelako ere. Baina ondoren gitarrarekin hasi zen, irakasle batekin hasieran eta bere kontura ondoren. Goikoetxeak musika eskolako formakuntza osoa egin zuen eta gitarra ikasi zuen. Musika eskolako taldetan jotzeko baxujolea behar zuten, eta instrumentua ikasten hasi zen. Luisillo Kalandrakarekin klaseak eman ditu ere.

Duela lau edo hiru urte Lanasi buruan sartu zitzaion talde bat sortu nahi zuela, horregatik hain zuzen gitarra ikastea erabaki zuen, "ez nuen nire burua trikitixa jotzen ikusten". Pandemia hasi aurretik, Goikoetxeari taldea sortzeko nahia komentatu zion eta biak hasi ziren. "Nahiko zelebre izan zen. Nik ez nekien gitarra oso ondo jotzen. Hasiberria nintzen eta esan nion: Talde bat egingo dugu? Banekien berak ere talde bat sortzeko gogoa zuela". Hasiera batean bateriajole bezala bere lehengusua sartu zen. "Egun batean jotzeko gelditu ginen, eta desastre bat izan zen". Alde batetik, Lanasek kontatu duenez, ez zitzaion biek zuten estiloa gustatzen, "beste estilo bat zuen", eta beste alde batetik ez zegoen "oso motibatuta". Orduan, Perezi galdetu zioten.

Taldea sortuz
Hiru musikariek egin zuten lehenengo entsegua "beste gauza bat izan zen". Greenday taldearen bi abesti prestatu zituzten, eta "ondo atera zen; horrela hasi ginen". Kanten bertsioak egiten hasi ziren, beraz, eta denborarekin abesti propioak sortu dituzte. "Egia esan, lehenengo abestia nahiko kaos izan zen. Ez genekien nola hasi". Goikoetxeak baxuarekin riff bat egin, Lanasek jarraitu zion eta Perezek bateria sartu zion. "Hasieran bertsioak gure moduan jotzen hasi ginen eta pixkanaka joan ginen beste gauza batzuk sortzen. Hasieran ez genekien ezta zer estilo egin nahi genuen", azaldu du Goikoetxeak. Zein musika egin nahi zuten eta "zer garen" pixkanaka ikasten joan dira. Lanas: "Garrantzitsuena gogoa dugula da, eta nabaritzen da".

Eta zer da Haizkan? "Rock". Rockaren inguruan mugitzen den talde bat. "Grabatu genuen estudioan esan ziguten pop gogorra egiten dugula. Guk ez genuen pop bezala ikusten, baina nahiko pop da", azaldu du abeslariak.

Urte batean bederatzi abesti sortu dituzte, eta horietatik bost Berako Mik estudioan grabatu dituzte. "Taldeak aurrera zihoala ikusi genuenean, zortearekin Urdiainen bi musikari nahiko handiak ditugu: Goikoetxea anaiak. Pentsatu genuen aukera genuenez, galdetuko geniela. Hasiera batean ez genuen pentsatzen berak emango zigula eman zigun guztia". Imanol Goikoetxeak produktorearekin hitz egin zuen eta diskoan parte hartu du ere. "Asko lagundu digu". Joan zirenean "ilusioa" egin zion, Urdiaingo "lehenengo musikariak" zirelako.

Haizkan taldeak 'Etsi' diskoa eta izen bereko bideoklipa kaleratu du

Aurreko urteko udan modu inprobisatuan jo zuten lehenengo kontzertua. Goikoetxea: "Nahiko txapuza izan zen: bertsioak jo genituen, gure ekipoa zen...". Ondoren, Altsasuko Sukarrafest-en parte hartu zuten, "ondoren asuntua pixka bat txukuntzea pentsatu genuen eta abestiak egiten hasi ginen". Irtenbide bakarra horiek grabatzea zela pentsatu zuten. Maketa bat egiteko ideiarekin joan ziren, baina "grabatzen eta grabatzen" hasi ziren, eta azkenean Etsi EPa kaleratu dute. "Otsaileko bi asteburu Beran pasa genituen, egun guztia grabatzen". Amaiur Goikoetxeak ere parte hartu du diskoan. "Oso gogorra" izan zela gaineratu du Lanasek, baina emaitzarekin "pozik" daude.

Konfiantza
Haizkan taldearen abesti gehienak "kritikak" dira. "Bizitzan egokitu zaigunaren islada-edo: ezin dugu esan musika oso positiboa egiten dugunik, momentuz".

Aurreko urtean egin zituzten kontzertuak "kontaktu hartze" bat izan ziren, eta Lanasek aitortu duenez, "nahiko txarki pasa zuen", gehien bat jendearen aurrean hitz egiten. "Baina aurten oso desberdina izan da. Segurtasuna oso desberdina izan zen". Aurreko asteburuan Urdiainen eta Altsasun eman zituzten kontzertuak, eta laster Lakuntzan egonen dira. Urte honetan gehiago entseatu dute, eta konfiantza irabazi dute.

Etsi abestia da haien lehenengo single-a eta horren bideoklipa egin dute. Unai Manerok ikus-entzunezkoekin lotutako ikasketak egin ditu, eta bideoa egiteko prest agertu zen. "Abestiak antsietateari hitz egiten dio". Kamararen aurrean jartzea "deserosoa" izan zela aitortu dute. "Eskerrak Saioa Iraizotz dantzaria agertzen dela eta espresibidade guztia ematen diola".

Momentuz, "jotzen eta abestiak sortzen" jarraitu nahi dute.