Oraindik hiru festa egun aurretik Urdiainen

Larunbatean jendetza bildu zen Urdiaingo festez gozatzera. Atzo San Pedro baselizan izan ziren ospakizunak, asteazkeneraino luzatuko direnak

Urdiaingo festen hasierako etxafigua Urdiaingo euskalkiaren hiztegia idatzi duen Koldo Zuazok eta lana egiten laguntzaile izan zituen Mariano Galarzak, Julian Etxeberriak, Urbano Zelaiak eta Ipi Zelaiak piztu zuten. Ohoreagatik oso pozik zeuden guztiak, baita Zuazoren liburuaren aurkezpenagatik, harrera ezin hobea izan baitu.

Larunbatean jendetza bildu zen Urdiainen festez gozatzeko. Txiki geratu zen herria. Igandean, berriz, urdiaindarrak San Pedrora jaitsi ziren erromerian. Arratsaldean zortzikoa dantzatu zuen David Oroz alkateak, eta haren atzetik beste zenbait urdiaindarrek, eta parrandak herrian jarraitu zuen.

Gaur jubilatuen bazkaria eta gizonen bazkaria izango dira, Irunberriko txarangak alaituko duena. Arratsaldean Altsasuko dantza taldearen emanaldia izanen da eta dantzaldia, Joselu Anaiak taldearen eskutik.