Iturtxulo kalearen bukaeran, eremu aldapatsu batean, Iturri Zaharra dago, garai bateko labaderoa, eta, goian, parkea. Urdingo txoko horretara garbitzera joaten ziren emakumeei galdetzen aritu da Oihana Gallo San Roman. Profil askotako emakumeen kontakizunak jaso ditu, 90 urte ingurukoenak, 80 urtekoenak... 70 urteko emakumeek haien amak kontatzen zietena kontatu dute. Gazteagoek euren amonek kontatzen zutena kontatzen dute. "Herriko askorendako oso leku kuttuna da. Nik beti esaten dut iragana eta etorkizuna biltzen dituen leku magikoa dela". Garai batean herriko emakumeen bilgunea zen. Orain, goiko parkean, herriko haurrak jolasean ibiltzen dira, etorkizunaren irudi.
Labaderoa
XIX. mendearen amaieran eraikitako garbitokia da; garbitoki gehienak garai horretakoak dira. Historian zehar izandako generoaren araberako rolen banaketaren arabera, emakume izateagatik, emakumeek zenbait ardura eta lan bere gain hartu behar izan zituzten. Horietako bat arropa garbitzearena edo lixiba egitearena (Urdiainen esaten den bezala) izan da. "Lan gogor eta nekea" zela eta baldintza oso gogorretan egiten zutela aipatu dute emakumeek: "Denek aipatu dute indarra behar zela arropa garraiatzeko. Eskuak ur hotzetan sartu behar ziren, eta arropa kolpatu eta astindu. Indar handia behar zen".
Lan oso nekagarria, baina egin beharrekoa zela aipatu dute emakume adinduenek. Etxea eta arropa txukun mantendu behar zituztela ez zuten zalantzan jartzen. Oso lan gogorra zen, "astin ederrak eman behar genizkien izarei" kontatu du emakume batek. Beste batek esan du bere amona lan horiek egitera gauez joaten zela, eta gau osoa pasatzen zuela lixiba egiten, aste osoko arropa garbitzen. Beste batzuk goizean goiz joaten ziren, eta etxekoak esnatzerako buelta izaten ziren, arropa garbituta. Garbilekuaren azken urteetan arratsaldez joaten ziren garbitzera.
Xaboia edo sagona etxean egiten zuten, errautsekin. Batzuek arropa garbitokiaren inguruan txintxilikatzen zuten, sasietan. Oso preziatuak izaten omen ziren garbitokiaren inguruko landare usaindunak, haien usaina arropan gelditzen zelako.
Urdiainen lau garbitoki zeuden, eta auzoka banatzen ziren: Iturri Zaharra, Plaza azpian zegoena, Xumarran oraindik mantentzen dena, eta San Martin kaleko edo Atximistaldeko labaderoa. Azken hori berriena zen. Auzoka banatzen baziren ere, emakume batek kontatu du Xumarran garbilekura joateko ohitura zuela; baina neguan Iturri Zaharrera joaten zela, dirudienez, ura epelago egoten zelako. "Oso preziatua zen: udan fresko egoten zen ura, eta neguan epel".
Bilgune
Emakumeak elkartzeko eta sozializatzeko toki bakarra zen labaderoa, eta giro oso ona izaten zen. Haien kontuez hitz egiteko toki seguru eta bakarra zen. Herrian gertatutakoaz hitz egiten zuten, emakumeen kontuez, seme-alaben garapenaren ingurukoez… 50 urte inguruko emakumeek gogoratzen dute oso txikiak zirela amari laguntzeko aitzakiarekin joaten zirela, bertako kontuak entzutera. Adin eta maila ekonomiko askotako emakumeak biltzen ziren.
Aspaldi utzi zion etxeko arropa garbitzeko lekua izateari. Emakume gehienek aipatu dute garai batean ura "bar-bar" joaten zela, eta orain ur hari bat baino ez dagoela. Gaur egun estalperik gabe dago, eta lauki bat dago.
Labaderoaren ondoan aska bat dago, eta bertako paretan gurutzea edo –Urdiainen deitzen dioten bezala – krutzea. Kondairak dioenez, krutze hori ongi bustiz gero, hurrengo egunetan euria egingo du. Emakumeek askotan aipatu dute Iturri Zaharreko harria jentilek Sarabetik ekarri zutela, eta Satrustegik jaso zuen San Juan bezperan emakumeak bertara joaten zirela, orrazia uretan bustitzen zutela eta orraztu egiten zirela.
Herriko parkea
Iturri Zaharraren gainean dagoen parkeak 50 urte baino gehiago ditu. Garai batean soro pribatuetan zegoen, eta oraindik harrizko ate batetik pasa behar da sartzeko. Erdialdean harrizko putzu bat dago, urik gabe, eta bertan haurrak eta gurasoak esertzen dira, bilgune bezala. Bost hamarkada hauetan parkea itxuraz asko aldatu da, eta herriko haur askok mutxikan ibiltzeko erabiltzen dute. 2016an ingurura moldatutako parkea egin zuten. Hiru gune ditu.