Ziklo-krosa

Urdiaingo Ziklokrosa, Nafarroako txapelketa

Guaixe 2022ko abe. 2a, 10:32
Joan zen urtean Ekain Imaz kadeteen mailako txapelduna izan zen. MARTIN EARLY

Abenduaren 4an, igandea, Urdiaingo Ziklo-krosa izanen da, aldi berean Nafarroako Txapelketan izango dena. Kadeteen eta jubenilen mailako proba izateaz gain, aurten elite eta 23 urtez azpiko mailan jokatuko da

Abenduaren 4an, igandean jokatuko da Urdiain Ziklo-krosa, III. Benigno Mendia Kani Oroimenezkoa. Aurtengo nobedade bezala, kadeteek eta jubenilek parte hartzeaz gain, afizionatuen mailako eliteek eta 23 urtez azpikoek ere parte hartuko dute. Aitziber futbol zelaia izanen da irteera, eta 10:30ean kadeteen proba abiatuko da, 11:30ean jubenilen lasterketa eta 12:30ean gizonezkoen afizionatuen mailakoa. Burunda Txirrindularitza Taldeak Nafarroako eta Euskadiko Txirrindularitza Federazioen laguntzarekin antolatu du lasterketa. Sakandarrak proba jarraitzen animatu ditu txirrindularitza taldeak. 

2,9 kilometroko zirkuitua prestatuko dute Burundakoek. Lasterketa Felipe kale parean hasiko da, Urdiaingo behealdean, eta tropela frontoiraino igo ondoren, ezkerrera egin eta Aitziber futbol zelaira sartuko da. Hango larreetan itzuliren bat eman ondoren, gora egin eta Kamiozar kaletik herrira sartu eta parkeraino iritsiko dira; partzelarian aurrera egin eta, larreetan sartu eta behera eginez, atzera ere futbol zelai parera agertuko dira txirrindulariak. Beheraino jarraituko dute eta Sagardia kaletik Urdiaingo sarrerako kalera aterako dira. Helmuga frontoi parean egongo da. Ibilbidean asfaltoa, belarra, pista, lohia, aldapak, denetariko trabak eta bestelakoak aurkituko dituzte txirrindulariek. “Zuzenean ikusteko oso lasterketa polita” dela diote zaletuek. 

Joan zen urtean euria, hotza eta lokatz handia izan zituzten bidaide Urdiaingo proban aritu ziren txirrindulariak. Kadeteetan Quesos Albeniz-Burundako Ekain Imaz eta Andoaingo Txirrindularitza Eskolako Izaro Etxarri gailendu ziren, eta juiorretan Suministros Zadorrako Beñat Fernandez de la Peña eta Amaia Lopez de Uralde. Hirugarren Mikel Uncilla izan zen. 

Benigno Mendia gogoan
Urdiaingo Ziklo-krosa Benigno Mendia Oroimenezkoa izendatu zuten, garai batean Benigno Mendia zena ziklo-krosean ibiltzen baitzen, eta berari esker makina bat lasterketa antolatu zirelako Urdiainen, Euskadiko Ziklo-Kros Txapelketa tartean.