Ziklo-krosa

Ekain Imaz eta Mikel Regil, Nafarroako txapeldunak

Maider Betelu Ganboa 2022ko abe. 19a, 12:00
Mikel Regil, Urdiaingo Ziklo-krosean. MIREN ARREGI

Ikusmin handia sortu zuen Burunda Txirrindularitza Taldeak abenduaren 4an antolatutako Urdiaingo Ziklo-krosa-III. Benigno Mendia Oroimenezkoak, aldi berean Nafarroako Ziklo-kros txapelketa zenak

Abenduaren 4an kadeteen, juniorren eta eliteen Urdiaingo Ziklo-krosa jokatu zen, Burunda Txirrindularitza taldeak Urdiaingo Udalaren, Aitziber elkartearen eta hainbat babesleren laguntzarekin antolatutakoa. Aldi berean, Nafarroako Ziklo-kros Txapelketa izan zen. Probak harrera bikaina izan zuen, eta Urdiainen prestatutako ziklo-kros ibilbide polit eta gorabeheratsuak ikusleen arreta piztu zuen. 

Burunda klubak 2,9 kilometroko ibilbidea antolatu zuen, Aitziber futbol zelaia ardatz hartuta. Irteera Felipe kale parean zegoen, Urdiaingo herri sarreran, eta helmuga, aldiz, frontoi parean. Asfaltoa, belarra, pista, lohia, aldapak eta denetariko trabak zituen bideak, bildutakoen gozamenerako. 

Ekain Imaz, bigarren
Kadeteen mailako proba izan zen goiztiarrena. Zirkuituari lau itzuli egin behar zizkioten, eta guztira 45 txirrindularik lortu zuten proba osatzea, 34 gizonezkok eta 11 emakumezkok. Gizonezkoetan Aranako taldeko Arkaitz Suso gailendu zen (25:58) Quesos Albeniz-Burunda taldeko Ekain Imazen aurretik (26:16). Beraz, Imaz Nafarroako txapelduna izan zen. Quesos Albenizko Hegoi Garciak proba utzi behar izan zuen. Emakumezkoetan Andoaingo eskolako Irati Aranguren izan zen azkarrena (30:51). Nafarroako txapelduna Sofia Los Arcos izan zen, sailkapenean zortzigarren (34:15).

Mikel Regil, laugarren
Junior mailako txirrindularien txanda izan zen segidan. Kasu honetan, lan gogorragoa zuten, sei itzuli. Lehia bizia izan zen hasieratik, eta geroz eta lokaztuago zegoen ibilbideak zailtasun gehiago sortu zien txirrindulariei. Azkenean Bellota taldeko Gari Ugarte izan zen lehena (38:07), Cafe Dromedario taldeko Oinatz Farelori 7 segundo aterata (38:14). Quesos Albeniz Burundako Mikel Regil podiumera sartzear egon zen, baina laugarren iritsi zen helmugara, 51 segundora. Hala ere, Nafarroako txapelduna izan zen (38:58). Bere taldekide Iker Begiristain urdiaindarra hamaikagarren sailkatu zen (41:33), hirugarren nafarra. Guztira hemezortzi txirrindularik osatu zuten proba. 

Emakumezkoetan juniorrak eta open mailakoak edo eliteak batera lehiatu ziren. Sei itzuli egin zizkioten zirkuituari eta zortzi emakumek osatu zuten proba, Bizikleta.com taldeko Olatz Odriozola buru zela (43:59). Nafarroako txapelduna helmugara bigarren sartu zen Saltoki taldeko Ainara Elbusto izan zen (46:50). 

Opena, estu
Azkenik 23 urtez azpikoen eta eliteen openaren txanda izan zen. Hau izan zen lasterketarik jendetsuena, guztira 25 txirrindularik lortu baitzuten probak zituen bederatzi itzuliak osatzea. Ermuko T.E. taldeko Aitor Hernandezek eta Bizikleta.com taldeko Joseph Gerardo Ramirezek sekulako lehia izan zuten eta elkarrekin iritsi ziren helmugara; lasterketa esprintean erabaki zen. Azkenean Hernandez izan zen txapeldun handia (55:08). Nafarroako txapelduna helmugara bosgarren sartu zen Saltokiko Jesus Torres izan zen (57:20).

Laboral Kutxako Iker Mintegi altsasuarrak lan ona egin zuen eta hamahirugarren sailkatu zen (1:00:28), laugarren nafarra. Lasterketa egitera animatu zen ere Club Ciclista Urbasan dabilen Alex Uncilla etxarriarra, eta hamazazpigarren iritsi zen (57:49), buelta bat gehiagora, eta Construcciones Qoda taldeko Andoni Ocaña urdiaindarra hogeigarren sartu zen, 3 itzuli gehiagora. 

Segurako Ziklo-krosa, ia errepikapena
Segurako Ziklo-krosak Urdiaingo irabazle berberak izan zituen. Kadeteetan Aranako taldeko Arkaitz Suso izan zen azkarrena; Ekain Imaz laugarren sailkatu zen eta Hegoi Garcia 22. postuan. Eta junior mailan Bellotako Gari Ugarte gailendu zen. Iker Begiristain zazpigarren sartu zen. Open mailan Urdiaingo txapelduna, Aitor Hernandez, bigarren izan zen, Urdiainen bigarren sailkatutako Joseph Gerardo Ramirez gailendu baitzitzaion.