San Antonen debozioa

Guaixe 2023ko urt. 27a, 09:29
Sanatondar urdindarrak kantatzen.

Kofradiak hitzordua izan zuen larunbatean.

Urdindar sanantondarrak larunbatean eguerdian elizan elkartu ziren. 43 kideetatik erdia inguru izan ziren elizkizunean. Mezaren ondoren, Migel Angel Sagaseta apaizak gidatuta kofradeek eliz atean San Antoni eskainitako abestia kantatu zuten. Hura despedituta, Sagasetak herriko abere, lur, haien fruitu eta herritarrak bedeinkatu zituen. Tintiniturri elkartean gosaldu ondoren, kofradiak batzarra egin zuen. Ordurako eguna alaituko zuen akordeoilaria aldamenean zuten kofradeek. 

Lan pixka bat izan zuten, COVID-19 pandemiagatik hiru urteko kontuak egunean jarri behar izan zituztelako. Akta liburuan jaso zituzten bitarte horretan hildako kofradeen izenak: Juan Jose Andueza, Antonio Goikoetxea Mendiluze eta Daniel Agirre Etxeberria. Kide berririk ez du kofradiak, baina arduradunek gogorarazi dutenez, edozeinek parte hartu dezake: “ez da egia ezkongabeei eta emakumezkoei itxita dagoela, ateak denondako daude zabalik”, azaldu zuten. Zegozkien kuotak ere ordaindu zituzten kofradeek. Haietakoren bat hiltzen den bakoitzean, kofradiak familiari 300 bat euro ematen dizkie hileta gastuekin laguntzeko.  Ardurak ere berritu zituen kofradiak. Iñigo Etxeberria (banderaren arduradun) eta Josu Lanas (diruzaina) maiordomoen lekukoa Javier Aiestaranek (banderaren arduradun) eta Jose Ramon Irigoienek (diruzaina) hartu zuten. 

Aitziber elkartean bazkaldu ondoren, 18:00ak aldera, maiordomo berrien etxeetara joan ziren kafea eta kopa hartzera. Pandemia aurretik ardura uzten zuten maiordomoen etxeetara ere joaten ziren, baina lau etxeetatik pasatzea “gehixeskoa” zela eta bitan utzi dute. 

Debozioa 
Urdiaingo San Anton kofradia 1691koa da. Altsasukoa ere garai berekoa zen. “Ziurrenik gotzainak urte hartan kofradiak eratzeko agindua emanen zuen, baina San Antoni Urdiainen zaion debozioa aurrekoa da”, azaldu zuen Migel Angel Sagaseta Ariztegi apaizak. Berak herriko elizari buruzko liburua argitaratu zuen 2015ean eta hango datuak freskatu zituen larunbatean. “Elizako erretaula Migel de Peruzurgin arbizuarrak egin zuen 1624 eta 1630 urteen artean (Altsasuko elizakoa ere egin zuen). Lau sainduen irudiak egiteko Juan de Bazkardo kontratatu zuen. Apaizari galdetu zion zein sainduren irudiak egin behar zituen eta hark ‘herriak nahi dituenak’ erantzun zuen”, jakinarazi zuen Sagasetak. Juan Bataiatzailea, San Fermin, San Blas eta San Antonen irudiak egin zituen. Horretan oinarritu zen apaiza San Antonekiko debozioa kofradia sortu aurrekoa zela adierazteko. Jakinarazi zuenez, gainera Bazkardo eskulturgilea bazen nor: “Iruñeko katedralean gurutzea du eta Logroño aldean hainbat eskultura egin zituen”. 

Erlazionatuak

Urdiaingo sanantondarrak kantari

Alfredo Alvaro Igoa 2023 urt 24 Urdiain