Martxan da 2023ko automobilismo denboraldia eta pilotuek eta kopilotuek gogotsu ekin diote lanari. Asteburuan bi lasterketatan aritu dira Sakana Motorsporteko pilotuak. Marsuaren 4an, larunbata, Cornagoko Igoera jokatu zen Errioxan, eta bertan Sakana Motorsporteko hiru pilotuk hartu zuten parte: Josu Berastegi Lizarraga urdiaindarra carcrosarekin lehiatu zen, Garikoitz Flores Aristorena Talex M3 autoarekin eta Andoni Blas Arzelus Speed Car GT1000 autoarekin.
Igoerak dituen 5 kilometroak osatzen azkarrena Ignauto Motorsport taldeko Arkaitz Ordoki Gamez pilotua izan zen, NP-03 bere ibilgailuarekin (2:28.588). Josu Berastegi oso ongi ibili zen carcrossarekin eta sailkapen orokorrean edo scratchean bosgarren sailkatu zen (2:51.815) eta bere mailan, CarCrossen multzoan bigarren izan zen, bere aurretik laugarren sailkatu zen Carlos Ortizen atzetik (2:45.083). Aldiz, Garikoitz Floresek eta Andoni Blasek ezin izan zuten proba despeditu, arazo ezberdinak zirela medio hirugarren igoeran ez baitzuten irteera hartu.
Legazpia-Gabirian matxura
Marsuaren 5ean, igandea, XXV. Legazpia-Gabiria Rallysprinta jokatu zen. Giro paregabean eta eguraldia lagun, sekulako parte hartzea izan zuen probak: 67 taldek edo autok lortu zuten proba bukatzea eta 9k ezin izan zuten proba bukatu. Partaideek Gabiria eta Legazpi arteko 6,6 km-ko ibilbidea hiru aldiz gainditu behar izan zuten, eta azkarrenak Akulu Motorsport taldeko Aitzol Apalantza pilotua eta Jon Zozaya kopilotua izan ziren, Ford Fiesta Rally 2 autoarekin (12:40.025). Sakana Motorsport taldeko Iker Askargorta pilotuak Iñigo Galarza kopilotuaren laguntza izan zuen, baina Opel Astrak matxura izan zuen ibilbideko lehen pasadan eta proba utzi behar izan zuten.