Guztia Altsasuko zineman hasi zen. “Film bat ikustera joan ginen lagun artean eta Josefina Arregi Klinika laguntzeko spota ikusi genuen. Zergatik ez dugu Urdiainen zerbait egiten? pentsatu genuen. Eta horrela hasi ginen” kontatu digu Araceli Mendia Galarzak.
Bilerak deitu zituzten, “eta Urdiainen bazkari-afariak egiteko material guztia dagoela kontuan hartuta, herri bazkaria antolatzea erabaki genuen, paella”. Hamar urdiaindarrez osatutako taldea hasi zen hasierako antolaketan, baina gerora adin guztietako urdiaindarrak batu zitzaizkien. “Oso erantzun ona izan dugu, jende askok lagundu du” nabarmendu du Mendiak.
Maiatzaren 20a jarri zuten herri bazkaria egiteko data. Aurreko igandean, maiatzaren 14an, mahaia jarri zuten bazkarirako txartelak saldu eta 0 Bonuak saltzeko, norbaitek bazkarira joan ezin, baina bere ekarpena egin nahi bazuen. Eta arrakastatsua izan zen.
Guztira 150 pertsona bildu ziren frontoian egin zen herri bazkarian, primerako giroan. Tabernatxoa ere bazegoen. Jakina, haragi paella izan zen plater izarra, entsalada eta postrearekin batera. Portuko okindegiak ogia jarri zuen, eta Lizarraga Granjak arrautzak. Bestalde, herriko eta inguruko komertzioek emandako produktuekin zozketa egin zen: Mari Carmen ile apaindegiko produktu sorta, Urdiaingo botikako produktuak, Lopez de Goikoetxea harategiko lauzpabost txuleta, Akeita kafetegian zortzi gosari eta El Ventorro jatetxeko lau menu. “Eskerrik beroenak eman nahi dizkiegu, oso eskuzabalak izan ziren” eskertu du Mendiak.
Jakina, Urdiaingo herriari ere eskerrik beroenak eman dizkiete antolatzaileek, “erantzuna bikaina” izan zelako. Horren isla, maiatzaren 31n, asteazkena, Josefina Arregi Klinikako kontuan egin zuten diru sarrera: 4.250 euro.