Atletismoa

Israel Arbizu eta Maite Beregaña azkarrenak Aitzkibilen

Guaixe 2023ko eka. 12a, 11:00
Sarituen talde argazkia. UTZITAKOA

Urdiainen hasi eta despeditu zen lasterketan nagusitasunez gailendu ziren bi korrikalariak. Proba laburra Aritz Etxebarriak eta Ihintza Nuñezek irabazi zuten

Larunbatean ekaitzak izan ziren nagusi –Etxarri Aranazko eskola mailako txirrindularitza probak bertan behera geratu ziren–, baina I. Aitzkibil herri krosa jokatu ahal izan zen. Aitzkibil lasterketak Aitzkozar lasterketaren tokia hartu du, Iturmendiko Aitzkozar eta Bakaikuko Bakarrekoetxea elkarteei antolakuntzan Tintiniturri elkartea batu zaielako. Horregatik, izen berria hartu duen lasterketa Urdiainen hasi eta despeditu zen. 

Hasieran, haurren mailako lasterketak jokatu ziren –26 neska-mutilek parte hartu zuten–, eta gero helduen txanda izan zen. Korrikalariek bi ibilbide zituzten aukeran, luzea eta laburra. 

Ibilbide laburra Urdiaindik San Juan ermitara jaisten zen eta eskuineko bidea hartuta Iturmendira iristen zen, Kamio Zaharretik Urdiainera heltzeko (4,3 km). Ibilbide luzea, aldiz, Bakaikuko kanposanturaino iristen zen, eta Bakaikutik igo, eta San Benito ingurutik Iturmendira heltzen zen, segidan Urdiaingo helmugara heltzeko (7,6 km).

Lasterketa laburrean hamalau korrikalari sailkatu ziren, Aritz Etxebarria altsasuarra (14:40) eta Ihintza Nuñez iturmendiarra (24:17) buru zirela. Alde handiz gailendu ziren biak. Etxebarriak 2 minutu pasa atera zizkion Urko Agirre iturmendiarrari (17:18) eta Nuñezek minutu pasa Patricia Fernandez de Garaialde iturmendiarrari (25:55). Mikel Aranguren berriozardarra (18:51) eta Myriam Sanz iturmendiarra (26:36) hirugarren sailkatu ziren. 

Lasterketa luzean Israel Arbizu eta Asier Estarriaga etxarriarrek lehia polita izan zuten, baina azkenean Arbizu gailendu zen (25:38), Estarriagari 25 segundoko aldea aterata (26:03). Joseba Galarza iturmendiarrak osatu zuen podiuma (28:55). Emakumezkoetan Maite Beregaña uharte arakildarrak ez zuen areriorik izan (31:06) eta ia 4 minutu atera zizkion Erkuden San Martin etxarriarrari (34:51). Edurne Rivera lizarragatarra hirugarren sailkatu zen (38:08). Guztira 30 korrikalari sailkatu ziren. 

Zaporeak elkartearen alde
Lasterketa bukaeran auzate ederraz gozatu zuten Urdiainen bildutakoek. Korrikalariek oroigarri poltsa jaso zuten, eta saridunek trofeoak eta txapelak. Aitzkibil herri krosak Zaporeak elkartea lagundu zuen. Elkarteak bazkariak ematen ditu errefuxiatu eremuetan. Lasterketan parte hartu zuten guztiek izena ematerakoan 2 elikagai kilo eraman behar zituzten, eta lasterketan parte hartu ez arren, ikusle asko animatu ziren Zaporeak elkarteari bere laguntza ematera.

 


Sakandarrak I. Aitzkibil lasterketan
Aitzkibil Luzea (7,6 km)
Gizonak:
1.Israel Arbizu 25:38
2.Asier Estarriaga 26:03
3. Joseba Galarza 28:55
4. Francisco Gomez 29:01
5. Juan Carlos Gomez 30:19
6- Ruben Garcia 30:32
7. Ander Galarza 30:37
8. Imanol Guerrero 31:24
9. Santi Galarza 31:30
10. Patxi Cano 32:13
11. Mikel Luis  32:55
13. Patxi Arakama 33:43
14. Aitor L. de Goikoetxea 33:50
15. Jose Antonio Salgado 33:55
16. Ismael L. De Goikoetxea 34:20
17. Mikel Goikoetxea 34:27
18. Iker Flores  34:27
19. Juan Pedro Ariz 34:40
20. Santi Agirre 34:51
21. Mikel Galarza 36:24
23. Aingeru Azazeta 37:40
24. Iñigo Orella 38:08
25. Aritz Goikoetxea 39:09

Emakumeak:
1. Maite Beregaña 31:06
2. Erkuden San Martin 34:51
3. Edurne Rivera 38:08

Aitzkibil Laburra (4,3 km)
Gizonak:
1. Aritz Etxebarria 14:40
2. Urko Agirre 17:18
4. Imanol Etxarri 19:10
5. Igor Artieda 21:31
6. Jonathan Medina 21:54
8. Iñaki Urteaga 25:13

Emakumeak:
1. Ihintza Nuñez 24:17
2. Patricia F. De Garayalde 25:55
3. Miriam Sanz 26:36
4. Nekane Ulaiar 26:59