Astekaria

"Punta-puntako landareak dira"

Guaixe 2023ko eka. 13a, 14:02

Jon Gonzalo Aierbe loreak hartzen. UTZITAKOA

Sakanan ezohikoa den baratza dago Urdiainen. Ez da ez tomate, ez letxuga, ez tipula, ez kuiatxo landarerik inondik ere ageri. Propio eraldatutako baratza lorez beteta dago sasoi honetan. Loreak hazi eta saldu egiten baititu Jon Gonzalo Aierbek.

Baita aztertu ere zein motak ematen duen egokien. 

1. Zergatik loreak eta ez letxugak?
Hasierako ideia jasangarritasunean oinarrituta dago. Guk loradenda dugu, eta proiektu baten baitan, basoko loreekin egindako sorta bat dugu. Urdiainen peoniak haztea erabaki genuen, landareari hotza gustatzen zaiolako, eta eskualdean ongi ematen duelako. Landareak neguan orria botatzen du neguaz defendatzeko. Erraboila da, ez da urtero landatzen; erraboilak 40 urte irauten du. 

2. Denak berdinak dira?
Hiru motarekin probatan gabiltza. Ziurrenik, haietako bi baztertu eta batekin geldituko gara haren lurrin, lore hosto edo dena delakoagatik. Gurean mota batzuek ez dute eman. Ongi eman dutenak, kale egin dutenen tokian landatuko ditugu. Holandar batekin harreman handia dugu eta hark jartzen gaitu egunean. 

3. Beste lore batzuekin proba egin duzue?
Bai. Peonia betidanik ezagutzen dut, hemengo etxeetan izan dute. Europa iparraldetik datorren landarea da. Baina nahikoa altua den ingurua izatean, ongi ematen du. Tenperatura ikerketa egin nuen. Esan zigutenaren arabera, emaitzak oso onak eman behar zituen. Hasiera batean Usurbilen jarri behar genuen, baina tenperaturagatik baztertu genuen. Bost gradu baino gutxiagoko mila ordu behar ditugu. Urdiainen badaude, eta ongi ematen du. 

4. Zergatik peoniak?
Peonia moztutako loreen erregina da. Garestia da eta ez da asko merkaturatzen. Utzita zegoen baratza berregin genuen, peonien landaketarako prestatu genuen, PH eta guzti. Ekologikoa da. Zuhaixkaren bat ere badugu, baina oso-oso gutxi. Hortentsiak ere bai. Landare guztiak royalty bat dute, eta haren jabeak babestuta daude, eta guk loreak moztu ditzakegu, baina erraboilak ezin ditugu komertzializatu. Halakoak ez daude merkatuan salgai. Punta-puntako landareak dira zurtoin, aroma... 

5. Zer ziklo du peoniak?
Landarea bosgarren urtean da ama. Lehen urtean landaretza moztu behar da erraboila ez agortzeko, erraboila egiten joateko. Bosgarren urtean osatua dago. Hiru kolorerekin lan egiten dugu: gorria, arrosa-txuria eta laranja. Gainera, goiztiarra, ertaina eta berantiarra ditugu. Horrela, loratze tartea hilabetekoa da. Hau da, orain txuri batzuek bukatu dute lorea ematez, eta ertainarekin ari gara. Lore begitan dugu berantiarra. Lore uzta maiatzaren 3an hasi genuen eta garagarrilaren 5ean-edo bukatuko dugu. Negua iristean landaretza galduko du eta erraboila lurpean geldituko da. Martxoa hasieran begiak sortzen hasten da. Zikloa da. Peonia maiatzerako dugu eta hortentsia garagarriletik irailera arte. 

6. Zein abantaila du loreak hazteak?
Hozkailutik ez pasatzeak, ingurumena babesteaz aparte, landareak usaina ez galtzea dakar. Hozkailuak usaina “herdoildu egiten” du. Eta loreen ibilbidea mozten du. 

7. Zer lan du?
Funtsean, kimikorik ez dugu erabiltzen; ez dugu ez intsektizidarik, ez fungizidarik erabiltzen. Hartzitutako ongarria botatzen diogu. Guk erraboil kopuruaren alde egin dugu, ez zurtoin kopuruaren alde. Belar txarrak kentzen ditugu, horretarako, oihala zabaldu dugu lurrean. Ateratzen den belarra kentzeko, lurra eskuz jorratzen dugu, gutxi da. Ez du ur handirik kontsumitzen. Tanta jario bidezko ureztatzea jarria dugu. Joan zen urtean bitan ureztatu genuen, aurten, ikusiko dugu. 

8. Nola egiten da loreen uzta?
Lore begia dagoenean, zurtoina dagoenean behetik mozten da. Mozketak bere puntua du, oso itxita badago ez da zabaltzen eta galdu egiten da. Begia pixka bat zabalik dagoenean moztu behar da. Egunean moztutakoa egunean dendara eramaten dugu. Salmentarik ez balego, loreak itzalean eta izotza duten pertzetan egoten dira. Hotzeko laborea izatean, zurtoinari primeran etortzen zaio hotza. 

9. Nola merkaturatzen duzue?
Denda dugu. Gauza handiak dekoratzen ibiliak gara, maiatzean egiten direnak. Sortetako berdeak direnak gureak dira, ez dugu ezer erosten. Usurbilen eta Urdiainen zuhaixkak ditugu; tenperatura aldaketarekin jokatzen dugu eta loraketa bi hilabete ere luzatzen dugu. Loreak tarte handiagoan izateko Usurbilgo eta Urdiaingo tenperaturak kontuan izan eta haiekin jokatzen dugu. Lorezaintzatik gatoz (Eltxumendi, Añezkar) eta ezagutzak loradendara aplikatu ditugu. Aditzera industriala du, baina baratza lan hutsa da. 

10. Merkatua dago?
Jendeak kontzientziatu beharra du loradendan ohikoan erosten duen lorea etorri dela Ekuadorretik Herbeheretara, Herbeheretatik Espainiara eta zentraletik dendara. Bide asko dago. Gure ekoizpena izatea erabaki genuen, funtsean, naturala zer den nabari delako, naturalak askoz ere gehiago irauten duelako, eta beste zentzu bat emateko. Gehienak erosi eta saldu egiten du. Guk naturala dugu oinarri. 

11. Lore hazkuntzan hasi nahi lukeenak zer pauso eman beharko lituzke?
Prestakuntza ikastaroren bat egin beharko luke. Eta egin behar duenaren ideia argia izan beharko luke. Guk peonia asko denbora gutxian ditugu, eta infinituki lehiakorrak gara. Hau da, guztia saltzen ez badut, loreak mugitzen dituztenengana jotzen dut. Baita handizkako saltzaileengana ere. Azken bi urteetan ez, baina pandemian dena handizkakoei saldu nien. Inbertsioa handia da. Peonia erraboilak 2 eta 27 euro artean eros daitezke. Ideia opatu beharra dago, eta nora iritsi nahi duen jakin behar du. Gu ongi gabiltza, zuzeneko salmenta egiten dugulako denda eta azoketan. Ekoiztu eta saldu egiten dugu. Horregatik, aukera berezienen alde egiten dut, gure erraboila ikusgarria da. Beste batzuek eskaini ezin dutena eskaintzen dugu. Dena dagokion prezioan saltzen dugu; ez dugu garesti saltzen, merke ekoizten dugu. Irudi bat ematen digu, etxeko marka da. Urdiaingoa guretako esperimentazio baratza da. Beste baratza pare batean zer landatu aztertzen ari gara. Konplexua da, gauza asko definitu gabe ditugu probatzen ari garelako. Inor jarriko balitz lehenik salmenta non eta nola egin aztertu beharko luke.