Sakanako Nafar Kirol Jokoen Triatloia ate joka

Guaixe 2023ko uzt. 11a, 09:37
2021ko Sakanako Haur Triatloia. ARTXIBOA

Uztailaren 22an, larunbata, Sakanako Mankomunitateko Kirol zerbitzuak antolatutako haur triatloia jokatuko da Urdiaingo igerilekuetan. Uztailaren 17ra arte eman daiteke izena.

Uztailaren 22an, larunbata, 10:00etatik aurrera, Sakanako Mankomunitateak antolatutako Sakanako XXI. Nafar Kirol Jokoen Triatloia antolatu du, Urdiaingo igerilekuetako inguruan. Izena ematea uztailaren 17ra arte irekita dago rockthesports.com helbidean; ezinen da probaren egunean izena eman. Mankomunitateak Sakana Triatloi Taldearen, Nafar Triatloi Federazioaren, Aitziber elkartearen, Urdiaingo Udalaren eta Nafarroako Gobernuaren laguntza izan du triatloia antolatzeko.

Lasterketak
Triatloiak igeriketa, txirrindula eta korrika uztartzen ditu, eta Sakanako Haur Triatloian Gazteak (2006 eta 2007 urtetan jaioak), Kadeteak (2008 eta 2009), Haurrak (2010 eta 2011), Kimuak (2012 eta 2013) eta Benjaminak (2014 eta 2015) kategoriak izanen dira.

Lehiatzen lehenengoak Gazteak izanen dira eta lasterketa 10:00etan hasiko bada ere, material kontrola 9:35etik 9:50era eginen dute. Gazteek 486 metro igeriketan (18 luze), 8.000 metro bizikletan (ibilbideari bi buelta) eta 2.200 metro korrikan (ibilbideari bi buelta) osatu behar dute.

Kadeteak eta Haurrak kategorien lasterketa 11:25ean hasiko da, eta materialaren kontrola 11:10ean eta 11:20ean izanen dute. Igeri egiten 243 metro egin beharko dituzte (bederatzi luze), 4.000 metro bizikletan (ibilbideari buelta bat) eta korrikan 1.100 metro (ibilbideari buelta bat).

Kimuen lasterketa 12:30ean hasiko da, eta aurretik, 12:15etik 12:25era, material kontrola izanen dute. Igeriketan 189 metro egin beharko dituzte (zortzi luze), bizikletan 3.000 metro (ibilbideari buelta bat) eta korrikan 750 metro (ibilbideari buelta bat).

Txikienen lasterketa, benjaminak, azkena izanen da 13:15ean, eta material kontrola 13:00etatik 13:10era izanen dute. Igeri egiten 108 metro eginen dute (lau luze), bizikletan 1.500 metro (ibilbideari buelta bat) eta oinezko lasterketan 350 metro (buelta bat).

Informazio gehiago sakana-mank.eus webgunean eta zalantzak argitzeko edo proposamenak egiteko kirolak@sakana-mank.eus helbidean edo 948 46 48 66 telefonoan aukera dago.