Ohi denez, Urdiaingo Aitziber igerilekuetan eta inguruko paraje zoragarrietan jokatuko da XXI. Sakanako Haur Triatloia, Sakanako Mankomunitateak Sakanako Triatloi Taldearen laguntzaz eta zenbait entitateren babesaz antolatutako proba.
Sakanako Haur Triatloia uztailaren 22an 10:00etan abiatuko da, gazteen mailako probarekin (18 luze- 8 km bizikletan-2,2 km korrika). 11:25ean kadeteen eta infantilen txanda izango da (9 luze-4 km bizikletan-1,1 km korrika) eta 12:30etan kimuena (8 luze-3 km bizikleta-750 m korrika). Bukatzeko, txikienak, benjaminak, 13:15ean hartuko dute irteera (4 luze-1,5 km bizikleta-350 m korrika).
Sakanako Haur Triatloian guztira 44 triatletek parte hartuko dute, tartean hamar sakandarrek, gehienak kadeteen mailan, baina baita juniorretan eta infantilen mailan ere. Bestalde, aipatzekoa da Urdiainen lehiatuko diren sakandar gehienak Sakanako Mankomunitateak antolatutako Sakanako Triatloi Campusean parte hartzen ari direla.
Kaiak, Irurtzunen
Mank-ek Sakanako proba ikustera hurbiltzera animatu ditu sakandarrak. "Eguraldia lagun izango dugu; goiz polita izango da" dio Amaia Gerrikagoitia kirol teknikariak. Halaber, uztailaren 27an kaiak jardunaldia prestatu du Mank-ek Irurtzungo igerilekuetan. "Dohainik izango da, baina antolatzeko izena eman beharra dago kirolak@sakana-mank.eus webgunean".