Goiza fresko zela –Urdiaingo igerilekuetako ura zer esanik ez– abiatu zen Sakanako Mankomunitateak eta Sakanako Triatloi Taldeak antolatutako XXI. Sakanako Haur Triatloia, Urdiaingo Urrizti paraje ederretan eta inguruneetan. Guztira 44 triatloi zeuden izena emanda, aurreko edizioetan baino nabarmen gutxiago, eta juniorrak izan ziren goiztiarrenak. Atzetik kadeteen, infantilen, kimuen eta benjaminen txanda izan zen.
Guztia antolatzen eta Nafarroako Triatloi Federazioko epaileei laguntzen Amaia Gerrikagoitia kirol teknikaria zebilen, Sakanako Triatloi Campuseko Ekhi Congil eta Oihan Soto monitoreen eta Sakanako Triatloi taldeko eta bestelako boluntarioekin. Campuseko ikasleak Sakana Triatloi Taldearen izenean lehiatu ziren.
Jubeniletan Eneko Izco (Saltoki) gailendu zen, alde handiz. Jorge Diaz (Sakana) laugarren sailkatu zen, eta Irati Sicilia (Arenas) izan zen emakumezko bakarra.
Bi garaipen sakandar
Kadeteen mailan mugimendu eta lehia gehiago egon zen. Mikel Arrizabalagak (Sakana) eta Javier Alcaidek (Saltoki) borroka gogorra izan zuten, baina korrikako sektorean Arrizabalagak tartea atera zuen, eta bakarrik iritsi zen helmugara. 14 segundo atera zizkion Alcaideri. Emakumezkoetan, Iria Alvarrek (Saltoki) irabazi zuen. Sakana taldeko Iker Escudero zazpigarren iritsi zen; eta Xabat Arraiza, zortzigarren.
Haurren mailan Sakana Triatloi taldeko bigarren garaipena iritsi zen, Aitzol Zelaia ikusgarri aritu baitzen, Mikel Señas (Hiru Herri) bigarrenari 42 segundo aterata. Oihan Anduezak (Sakana) osatu zuen podiuma. Aratz Mendoza (Saltoki) bosgarren sailkatu zen. Emakumezkoetan, Itziar Arrosagarai (Saltoki) gailendu zen.
Kimuen mailan Amets Dean (Zona Media) eta Elayne Mariezkurrena (Hiruki) izan ziren azkarrenak, eta benjaminen mailan Unai Señas (Hiru Herri) eta Ana Lainez (Arenas).
Sakana Triatloi taldekoek gogoz ospatu zituzten bi kideen garaipenak.