Aosta bailarako (Italia) Aosta herrian jaio zen Andrea Pivot Orfano. “Italiako bailararik txikiena da, eta Italia iparraldean dago, Alpeetan, Suitzarekin eta Frantziarekin mugan. Bailarak 120.000 biztanle ditu; eta Aostak, herri handienak, 40.000. Inguruan 4.000 eta 3.000 metroko mendi ezagunak ditu: Cervino, Mont Blanc, Gran Paradiso... Italiak Frantziarekin Mont Blanc partekatzen du; eta, Suitzarekin, Cervino. Gran Paradiso da osoki Italian kokatuta dagoen mendirik altuena (4061 m)”. Aostari Sakanaren antza hartzen dio, “Irurtzundik sartzen zarenean, bereziki”.
2005ean, 28 urte zituela, Almeriako Cabo de Gatara joan zen bizitzera. “Aurretik oporretan egon nintzen, eta izugarri gustatu zitzaidan. Autokarabana erosi nuen, eta txakurrarekin Cabo de Gatara joan nintzen. Ia bi urte egin nituen autokarabanan bizitzen”. Udan ontziak garbitzen ibili zen jatetxe batean, eta artisautza saltzen zuen. “Aostako bailaran tipikoak diren egurrezko artisau loreak tailatzen ditut. Eta, horretaz gain, eskumuturrekoak, orkatilako pultserak... saltzen nituen. Bizitza aurrera ateratzen nuen”. Cabo de Gatan oso argi dago zein den denboraldi sasoi indartsuena, “Aste Santutik maiatzeko zubira, eta ekainaren 20tik irailaren 20ra. 100 egun dira. Ezagunei esaten nien zortea nuela, urtean 100 egunez lan egiten nuelako eta gainontzeko egunak niretako zirelako”.
Guztira 11 urte bizi izan zen Cabo de Gatan. 2016an Altsasura etorri zen bitzera, “maitasunagatik, Almerian ezagutu nuelako egun nire bikote ohia dena. Hasieran Almeriatik hona joan-etorrian ibiltzen nintzen; baina, azkenean, Altsasura etorri nintzen”. Altsasun ezaguna da Andrea, gaztaina saltzaile egon baitzen hiruzpalau urtez. “Baina pandemia iritsi zen, eta bukatu zen. Pandemia ondotik, jendea arratsaldeko zortzietarako etxeratzen zen, eta ez zegoen horrenbesteko lanik. Autonomoen kuota, lurzoru okupazioarena, asegurua, gaztainak, ikatza... gastu asko ziren, eta kontuak ez ziren ateratzen. Joan zen urtean utzi behar izan nuen”. Aldi berean, bere harremanak bukaera izan zuen. “Maitasuna bukatu zen; bizitzaren beste fase batean nago orain”.
Bestelako lanetan hasi zen Andrea, “ordura arte sekula egin ez nituenak. “Durrumako Cepsan hasi nintzen, gasolio saltzaile. Kontratua bukatuta, martxoan Ziordiko gasolindegian baja bat bete nuen. Maiatzaren 3an Urdiainera bizitzera etorri nintzen, eta hurrengo egunean bukatu zitzaidan kontratua. Ondoren, Urdiaingo oilategian hasi nintzen; baina ez zen niretako moduko lana, eta utzi nuen. Durrumako Andamur gasolindegitik hots egin zidaten, eta ekainaren 23tik bertan nago lanean, gustura. Irailaren 30era arte dut kontratua; gero, ikusiko dugu” dio Andrea Pivotek.
Igerilekuak, Intxusburu, portua eta Kaluxa
Pivot bospasei hilabete egon zen Altsasun alokairuzko etxebizitzarik ezin topatu. “AEKn euskara ikasten ari nintzen, eta bertan aipatu zidaten Urdiainen pisu bat libre geratu zela plaza ondoko etxe batean. “Oso gustura” dago Urdiainen. “Sakanatik gehien gustatzen zaidan herrietako bat da. Zorte handia izan dut etxebizitza hemen bilatu dudalako”. Herri txikiak gustuko ditu. “Cabo de Gatan El Pozo de los Frailesen bizi nintzen, 400 biztanleko herri batean, eta Aostan basoan zegoen etxe batean. Lasai bizi naiz Urdiainen”.
Urdiaingo igerilekuetatik gora doan bidea, Bernoako galtzada, eta Intxusburu “izugarri” gustatzen zaizkio. Baita Urdiaingo portutik Santa Marinara doan ibilbidea ere.“Onddoak eta zizak hartzera joatea gustuko dut. Aostan aitarekin joaten nintzeneko oroitzapenak etortzen zaizkit burura”. Denborarekin, baratzea eduki nahiko luke. Urdiaingo etxeak “oso politak” dira. “Aostakoak etortzen zaizkit burura, baina hango etxeek azpialdean zura izaten dute, goialdean harria, eta teilatuak arbelezkoak dira. Gainontzekoan, nahiko antzekoak dira”. Agian, horregatik Kaluxa du horren gustuko. “Etxea nola erreformatu zuten asko gustatzen zait. Kanpotik eta barrutik. Taberna oso polita da, beroa, abegikorra. Urdiainen etxe polit asko daude, baina Kaluxak arreta erakartzen dit”.
Gustura dago bere bizimoduarekin, baina nork daki zer etorriko den. “Bizitzak buelta asko ematen ditu”. Ama duela hiru urte zendu zen, eta aita eta anaia ditu Aostan. “Etorkizunean bertara bueltatzen ikusten dut neure burua; baina momentuz, ez. Izan ere, hura oso frenetikoa da. Turismo eta mugimendu gehiegi, jendea beti korrika batean, estresa... Masifikatuagoa da. Hau, aldiz, lasaiagoa da”.