Ziklo-krosa

Urdiaingo Ziklo-krosa prest

Guaixe 2023ko aza. 24a, 13:16

2022ko Urdiaingo Ziklo-krosa. ARTXIBOA

Abenduaren 3an, igandea, IV. Urdiaingo Ziklo-krosa jokatuko da, Burunda Txirrindularitza Taldeak antolatuta, ziklo-kros denboraldiaren euskal egutegiaren barruan. Izena ematea zabalik dago.

Urriaren 22an abiatu zen Euskadiko Txirrindularitza Federazioak antolatutako Euskal Ziklo-kros denboraldia. Hamaika lasterketek puntuatuko dute rankingerako, eta tartean dago abenduaren 3an, igandea, 09:45etik aurrera, Burunda Txirrindularitza Taldeak antolatuko duen IV. Urdiaingo Ziklo-Krosa, kadeteen, juniorren, 23 urtez azpikoen, eliteen eta masterren mailakoa izango dena. Izena ematea zabalik dago.

Benigno Mendia memoriala
IV. Urdiaingo Ziklo-krosa - Benigno Mendia laugarren memoriealak ibilbidean berritasunak ditu aurten. Lasterketaren beste berrikuntza bat master mailako proba da. Masterrak izanen dira, hain zuzen, lehenengoak eta 9:45ean probari hasiera emanen diote. Ondoren, 10:45ean, kadeteen txanda izanen da, eta 11:25ean Masterren Sarien banaketak izanen dira. 11:45ean jubenilak abiatuko dira eta 12:45ean elite eta sub23 mailen lasterketak izanen dira.