Kern Pharma Pro Tour mailako talde profesionalak Iruñeko Tres Reyes hotela aukeratu zuen 2024ko denboraldiko aurkezpena egiteko. Juan Mari Guajardok gidatutako ekitaldian aurtengo 24 txirrindulariak aurkeztu zituzten. Aurten ez da sakandarrik izango, Igor Arrietak taldea utzi baitu bere bidea UAE Emirates taldean jarraitzeko. Arrietarengatik “oso pozik” azaldu ziren Kern Pharmakoak, halako kontratazioekin talde nagusiek euren lanari nolabaiteko aitortza egiten dietela jakitun.
Pablo Urtasun urdiaindarrak Juanjo Orozek gidatzen duen taldeko kirol zuzendari izaten jarraituko du. Eta aurten Andoni Ocaña urdiaindarra izango da taldeko mekanikarietako bat.
“Lana ongi egitea” hori da taldearen helburua, txirrindulariak trebatzen jarraitu eta World Tour mailako probetan parte hartu ahal izateko bide onean egoteko. Espainiako Vueltarako gonbidapena lortu nahiko lukete, jakina.