San Anton ospakizun desberdina

Guaixe 2024ko urt. 30a, 10:29
Kofradiako kideak elizako atean.

Kofradiako batzarra elizan bertan egin zen

Mikel Garziandia Goñi Palentziako apezpiku izendatu zuten egun berean ospatu zuten sanantondar urdiaindarrek beraien eguna ilbeltzaren 20an. Ordenazioak meza emateko apaizik gabe utzi zituen kofradiako kideak, Migel Angel Sagaseta Ariztegi apaiza ere Palentziara joan baitzen. Beraz, mezaren ordezko liturgiaren buru Migel Angel Zubiria Galartza kofradiako kidea izan zen. San Antonen ebanjelioko pasartea irakurri zuen, eta hildako kofradiako kideen alde otoitz egin zuten guztiek. 


Migel Angel Zubiria Galartza idazkaria kofradiako kideen aurrean.

Otoitzaren ondoren, kofradiako kideak elizan bertan egin zuten batzarra. Bakoitzak zegokion kuota pagatu, diru kontuak egunean jarri, kofradiako zerrenda egunean jarri zuten eta ardurak berritu zituzten. Javier Aiestaran banderadunak eta Jose Ramon Irigoien diruzainak lekukoa Fernando Goikoetxea eta Benito Aldazi pasa zieten. 42 urdindar dira gaur egun kofradiako kide. Azken urtean Cristobal Goikoetxeak bat egin du kofradiarekin. Bestalde,  kofradiako bi kide hil ziren 2023an: Migel Aristizabal eta Celestino Zubiria. Azken hori urtetan kofradiako idazkaria izandakoa da. 

Elizatik atera ondoren, aldamenean dagoen Tintiniturri elkartean gosaldu zuten kofradiako kideek. Bazkaria, berriz, Aitziber elkartean izan zen. Handik iluntze aldera atera eta kofradiako buruzagi berrien etxeetara joan ziren, han jan-edanak eskaini zizkieten. Duela gutxira arte sartzen ziren eta ateratzen ziren lau buruzagien etxeetatik pasatzen ziren, baina gehiegitxo iritzita, berrien bi etxetara murriztu dute bisita.