Kamioi aparkalekua egin du udalak

Guaixe 2024ko ots. 15a, 09:00
Kamioiendako aparkalekua eskuinean, autobiaren aldamenean.

Araudia egin du, baina hura behin betiko onartu ondoren, udaberrian, erabilgarri izanen da azpiegitura berria. Iturtxulo kalean euri asko egiten duenean sortzen diren arazoak konpontzeko lanak ere egiten ari da. Guztira 41.000 euroko balioa dute lanak dira 

Sakanako Autobiako (A-10) irteera eta Magotteaux enpresaren artean kamioiendako aparkalekua egin du Urdiaingo Udalak. Lanak 24.000 euroko aurrekontua izan du, eta udalak bere poltsikotik pagatu du. Construcciones Santesteban enpresako langileak joan zen astean hasitako lanak honetan despeditu dituzte. Lurra jaso eta, momentuz, legarrezko zorua egin dute. Erabili ondoren, emaitza ikusi eta zorua aldatzea ez du baztertzen udalak. Horrekin batera, hesia jarri dute langileek. David Oroz Alonso alkateak jakinarazi duenez, "partzela handiagoa bada ere, lau kamioirendako tokia du aparkalekuak. Urdiainen ez daude hainbeste kamioi, baina badaezpada handiagoa egin dugu".

Orozek gaineratu duenez, "aparkalekuaren araudia otsailaren 6ko udal bilkuran onartu genuen. Jendaurrean jarri, jendeak ekarpenak egin eta behin betiko onartuta egoteko udaberria izanen da. Araudia indarrean dagoenean hasiko dira kamioiak aparkalekua erabiltzen". Alkateak azaldu duenez, jabetu ziren kamioiak uzteko toki aproposik ez zegoela herrian, eta “araudi bat egin aurretik  alternatiba bat eskaini beharra genuela iruditu zitzaigun”. Aparkalekuko araudian udalak jaso du, besteak beste, azpiegitura zabaldu ondoren kamioiak han aparkatu beharko direla, hura erabiltzeko txartela atera beharko dutela garraiolariak edo kamioia eta gidaria Urdiainen erroldatuta egon beharko dutela. Aparkalekua zabaldu ondoren udalaren asmoa da garraiolariekin elkartzea. 


Makinekin lanean Kamiozar kalean.

Ura bideratzen 
Urdiain aldapan dagoenez, erauntsi handiak daudenean euri urak kaleetan behera egiten du. Ur asko Iturtxulo kalean pilatzen da eta hango estoldek gainezka egiten dute. Eraikuntza enpresako langileak ur horiek bideratzeko hodia jartzen ari dira Kamiozar kalean. Euri ur horiek Araniturriko errekara bideratuko dituzte. “Toki Azpiegitura Planera aurkeztu genuen lan hori, baina Nafarroako Gobernutik lehentasunezkoa ez zela erantzun ziguten, beraz, udalak ordaindu du lana”. Haren aurrekontua 17.000 eurokoa da.