Otsailaren 2an eta 3an Espainiako Taekwondo Txapelketa absolutua jokatu zen konbate modalitatean, Malagan. Nafarroako selekzioarekin hiru sakandarrek parte hartu zuten, Sakanako Bargagain Taekwondo klubeko Irati Irigoien Crespo urdiaindarrak eta Erkuden Moreno Muñoz eta Mohamed Essobai altsasuarrek. Hirurek lan ederra egin zuten. Irati Irigoien orain arte 21 urtez azpiko mailan lehiatzen zen, baina aurten kategoria berria –senior maila– eta pisu berria –67 kg azpikoa– mustu ditu eta bikain aritu zen, brontzezko domina ekarri baitzuen Malagatik. Agurainen taekwondo eskolak ematen hasi da Irigoien, eta trantsizio urte batean dagoela aitortu du.
Bargagain klubekoa zara baina Espainiako Txapelketan Nafarroako selekzioarekin aritu zara Lezkairu kluba ordezkatzen.
Sakanako Bargagain klubekoak izaten jarraitzen dugu, baina gure irakasleak, Gerardo Montero Riverak, Lezkairu klubean ere ematen ditu eskolak. Txapelketetan parte hartzen dugunok aurten Lezkairutik federazioan sartu gaituzte, eta hortik izena. Lezkairu edo Bargagain, guztiak berdinak gara.
"Europako Txapelketan parte hartu nuenez, ongi prestatuta iritsi nintzen Espainiakora"
Urte askotan Nafarroako Taekwondo Federazioaren beka jaso duzu eta Iruñean egon zara.
Bai, urte askotan egon naiz bekatuta, baina federazioan zenbait aldaketa egon ziren, gustuko ez nituenak, eta Nafarroako selekzioarekin entrenatzeari utzi nion. Erresidentziako egonaldia joan zen urtean utzi nuen, eta aurten selekzioko entrenamenduak utzi ditut. Baina ez dut harreman txarrik federazioarekin. Espainiako Txapelketetan Nafarroako selekzioarekin aritu nintzen, gustura, baina bekari uko egin eta entrenamenduak Bargagainen edo Lezkairun egiten ditut orain.
2024ko ilbeltzean kategoria berria mustu duzu.
Orain arte 21 urtez azpiko kategorian lehiatzen nintzen, 62 kg azpiko mailan. Aurten 21 urte beteko ditudanez, ilbeltzetik senior mailara igo naiz, eta 67 kg azpiko mailan lehiatzen naiz.
2023an 21 urtez azpiko Espainiako Taekwondo Txapelketa absolutuan brontzezko domina lortu zenuen eta aurten senior mailan brontzea lortu duzu, Malagan. Seniorrean maila handiagoa dagoenez, meritu handiko domina da.
2023/2024 ikasturte honetan asko entrenatu dut, abenduan Europako Taekwondo Txapelketan parte hartu nuelako Espainiako selekzioarekin. Horregatik, Malagan ongi nengoen, nire mailak pixka bat gora egin zuela ikusten nuen. Gustura aritu nintzen Espainiako Txapelketan, eroso. Lehenengo borroka Leongo Sonia Roldanen kontra izan nuen. Banekien ez zela oso arerio zaila izango. Aurrera egin nuen, eta bigarren arerioa Alba Murillo kataluniarra izan nuen. Aurkari gogorragoa da, eta konbatea aurrera atera nuenez, oso pozik. Hirugarren aurkaria Lena Moreno madrildarra zen. Lena ezagutzen dut, oso ona delako eta abenduan Europako Txapelketan berarekin egon nintzelako; 21 urtez azpiko Europako Taekwondo Txapelketa irabazi zuen. Banekien beraren kontra ez nuela asko egiterik, baina konbatean ongi lehiatu nintzen, eta nahiz eta galdu, oso pozik nago egindako lanarekin eta brontzea lortzeagatik. Hain zuzen ere, Lena Moreno izan zen Espainiako txapelduna.
"Europakoan nire espektatibak gainditu nituen, eta Espainiakoan ongi lehiatu nintzen"
Brontzea lortzea espero al zenuen?
Nire burua ongi ikusten nuen, momentu onean. Europako Txapelketarako ongi entrenatuta nengoelako Espainiakoan lana ongi egingo nuela pentsatzen nuen, baina hortik domina lortzera pauso bat dago. Egia esan, ez nintzen betiko presioarekin joan, lasaiago baizik. Kategoria berria eta pisu berria zenez, agian horrek tentsioa arindu eta lagundu ninduen. Ez nuen espektatibarik.
Pisu ezberdinean jokatzea nabaritzen da?
Bai. Azken urteetan 62 kg azpiko kategorian aritu izan naiz, eta pisu jaitsiera horiekin pixka bat nekatuta nengoen. Horregatik, 67 kg azpikoan jokatzea erabaki nuen. Jakina, hori ere beste aldaketa bat da. Maila gehiago baino, aldaketa fisikoa da gehiago. Neska altuagoak, indartsuagoak daude 67 kg azpikoan, pisu eta indar gehiago dutenak. Nolanahi ere, espektatibarik gabe joan nintzen Espainiakora, eta ongi joan zitzaidan, brontzea ekarri nuelako.
Malagan ere Bargagaingo bi taldekide lehiatu ziren, Erkuden Moreno eta Mohamed Essobai. Zer moduz ikusi zenituen?
Erkuden 21 urtez azpikoan lehiatu zen. Konbate bat irabazi zuen eta bigarrena galdu, baina oso ongi ikusi nuen; bigarrena irabazten hasi zen, baina azken momentuan joan zitzaion. Eta Mohamed ere oso ongi ikusi nuen. Eboluzio handia izan du azken urteetan. Konbatea galdu zuen, baina borroka lehiatua izan zen; bi tontakeriarengatik joan zitzaion garaipena. Dena den, horrelakoa da taekwondoa. Bargagainen nabaritzen da borrokalariok aldi berean igotzen dugula maila. Mohamed eta biok gara helduenak, bera ere nire adinekoa baita. Batera entrenatzen dugu, eta alboan motibatuta dagoen kirolari bat izatea handia da; beti dago animatzen, eta, gainera, eboluzio bat ikusten zaio.
"67 kg azpikoan neska altuagoak eta indartsuagoak daude; pisu aldaketa nabaritzen da"
Aipatu duzu abenduan Europako Taekwondo Txapelketan parte hartu zenuela. Zer moduz joan zen?
Lehenengo aldiz joan nintzen Espainiako selekzioarekin Europako Txapelketara. Bucaresten jokatu zen, Errumanian. Abenduan zenez, 21 urtez azpiko Txapelketan lehiatu ginen. Lehenengo konbatea Ukrainako taekwondista baten kontra jokatu nuen, eta irabazi nuen, baina bigarrena Serbiako ordezkari baten kontra jokatu nuen, eta galdu egin nuen. Oso pozik nago lortutakoarekin; uste dut egin beharrekoa egin nuela. Nire espektatibak gainditu nituen, eta, orduan, pozik.
Espainiako selekzioarekin zure lehenengo aldia zen. Aldaketa handia sumatu zenuen?
Nafarroako beste taekwondolari batekin joan nintzen Espainiako selekziora. Aurretik kirolari batzuk bistaz ezagutzen nituen, baina ez nuen harreman zuzenik beraiekin. Jatorrak ziren, baina oso ezberdinak. Moldatu nintzen, baina nire kasa ibili nintzen gehiago. Hala ere gustura egon nintzen, eta entrenatzaileekin ere ongi. Tratua oso ona izan zen. Lau egun egon ginen, baina ez genuen Bucaresteko ia ezer ikusi, egun osoa pabiloian edo hotelean egon ginelako, kontzentratuta.
Atzera ere selekziora deituko dizuten susmoa duzu?
Hori emaitzen arabera izaten da. Urrea edo txapelketa garrantzitsu horietara joateko beharrezko puntuak lortzen badituzu, zurekin jartzen dira harremanetan. Niri oso denbora gutxirekin deitu zidaten Europako Txapelketarako. Esperientzia ederra izan zen, nire kirol ibilbideko esperientzia garrantzitsuenetako bat.
Zein da hurrengo helburua?
Nazioarteko taekwondo txapelketa garrantzitsuak daude gertu, baina oraindik ez dut erabaki parte hartuko dudan ala ez, Aguraingo taekwondo klubean eskolak ematen hasi berri naizelako. Horrek nire ohiko entrenamendu egutegia zaildu dit. Unean-unean erabakiko dut zer egin, ez dut helburu zehatzik jarri.
"Agurainen taekwondo klaseak ematen hasi naiz. Trantsizio unean nago; aldaketak datoz"
Zer moduz irakasle gisa?
Udan titulua atera nuen, eta joan zen astean hasi nintzen klaseak ematen. Aguraingo irakasleak atsedena behar zuela eta, Gerardo gure irakaslearengana jo zuen. Hark nik klaseak eman ahal nituela erantzun zion, eta animatu nintzen. Pixka bat urduri nago, baina gutxika egingo naiz. Gustu handiz hartu dut irakasle izateko erronka. Bestalde, entrenatzen jarraituko dut. Pena pixka bat badut, nire ohiko entrenamenduak %100ean ezingo ditudalako egin, baina moldatuko naiz. Taekwondoan ditudan harremanak oso garrantzitsuak dira niretako; hori da, gutxi gorabehera nire mundua eta nire bizitza.
Ikasketak bukatu al dituzu?
Geldialdi bat egin dut. Aldaketa asko datoz. Bi urte ingeniaritza egin dut, eta datorren urtean beste zerbait ikasten hasiko naiz, baina oraindik ez dakit zer. Trantsizio momentu batean banengo bezala sentitzen naiz, ditudan aukerak ikusi, aztertu, baloratu eta erabakitzeko. Bitartean, klaseak emango ditut Agurainen. Nahi dudan bidean nagoela uste dut, gogotsu; ea gero zer gertatzen den.