Euskara, Aitziberko futbol jokalariak kanporatzeko mehatxua

Guaixe 2024ko api. 23a, 10:01

Aitziber futbol taldea 1975ean. UTZITAKOA

Los Arcosen izan zen, Urantziaren kontrako partidan duela 52 urte.

Nafarroako Hirugarren Erregional mailan jokatzen zuen Urdiaingo Aitziber futbol taldeak 1972. urtean. Apirilaren 23an, domekarekin, urdindarrek Los Arcosen partida zuten, Urantziaren kontra. Aitziberrek 1 eta 6 irabazi zuen neurketa. Baina partida hartako protagonista epailea izan zen. Izan ere, urdindarrei mehatxu egin zien: euskaraz hitz eginez gero, falta teknikoa eta penaltia adieraziko zituen, edo euskara hitz egiten zuen jokalaria kaleratuko zuen. Hala gogorarazi du X sare sozialeko @NosRobaronEl profilak. Horretarako, El Norte Depotivo egunkariaren 1972ko apirilaren 23 egunkariaren zatia argitaratu du. 

Kirol kazetak jaso zuenez, Martinez Barragan epaileak urdindarrak aldagelan euskaraz hizketatzen entzun zituen. Arbitroa aldagelan sartu eta Aitziber taldekoei jakinarazi zien partidan euskaraz hitz egitea ez zegoela baimenduta. Jokalariek erantzun zuten gaztelaniaz hitz egiten saiatuko zirela, baina ez zitzaiela erraz eginen, haien artean eta senideekin normalean euskaraz hizketatzen baitziren. 

Antza, kosta egin zitzaien jokalariei gaztelaniaz aritzera, epaileak hainbatetan kargu hartu baitzien. Bigarren zatian epaileak mehatxu egin zien: euskara entzuten zuen bakoitzean falta teknikoa eta penaltia adieraziko zituela. Baita kanporatzearekin zigortuko zituela ere. 

Lekukotza
Urdindarren kapitaina zen Francis Arakamak azaldu duenez, "publikoak eta aurkariek ez zuten ezer esan. Epailearen kontua izan zen". Arakamak azaldu duenez, "urdindar batek baloia gora botatzeko 'gora' esateagatik falta adierazi zigun. Baloia beste aldera aldatzeko eskatzeagatik 'bestia' esan eta falta. Area barruan ere falta indirekto bat adierazi zigun euskaraz hitz egiteagatik". Arakamak gogoan du ere Beperet abizeneko epaile bat: "udaltzaina zen, nolako errabia, gorrotoa zion euskarari. Hasieratik gaztigatzen gintuen". 

Partidak Nafarroako Mendialdean zirenean euskararekin arazorik ez zutela gaineratu du. Lizarrako Izarra taldearen kiroltasuna gogoan du Arakamak. Erriberan izaten ziren kontuak, han "euskara ozpina bezala zen". Gogoratu du Zangozan ikusleak euskararekin "oso gogorrak" zirela. Ledeako Aurrera taldearen kontrako partidan euskaraz hitz egiteagatik publikotik "perro aleman, hablar en castellano" modukoak entzun zituela gogoan du Arakamaren taldekide ohi batek. 

Futbol zelaietan euskararen kontrako jazarpen hori gaztigatuz, artikulua argitaratu zuen garaiko prentsan Pablo Antoñana idazleak. Hala jakinarazi du Arakamak, "eskertzekoa" izan zela nabarmendu du. Aipatu kirol egunkariko erredaktoreak ere epaileak euskararen kontrako jarrera salatu zuen. Arakamak gogoratu duenez, "diktaduraren ondoren halakoak ere gertatu dira. 2018ko otsailaren 17an epaileak preferente mailako Idiazabal eta Elgoibarko jokalariei euskaraz hitz egitea debekatu zien".