Badira kirol zaleak, horretara emanak bizi direnak batzuk, edo aldian-aldian ariketa fisiko pixka bat egiten dutenak. Badira kirola gorroto dutenak eta gorputza batere mugitzen ez dutenak, besteak beste, autoa eta igogailua dituzte lagun azken horiek. Eta badira nolanahi ibili, laster egin edo bizikletan ibiltzerik ez dutenak. Baina horretarako gogoa izan dezaketenak. Laguna behar, ordea. Oier Lakuntza Irigoienen kasua da hori.
Kirolaria zara?
Sekula ez naiz kirolari amorratua izan. Baina oraindik zerbait ikusten nuenean, Urdiaindik atera eta bizikletaz bueltaren bat ematera zaletu nintzen udan. Ikusmen galerak aurrera egin, eta begiek eskaintzen zizkidaten irudiak lausotuz joan ziren heinean, ordea, zaletasun hori alboratu behar izan nuen.
Zer sentitu zenuen bizikleta utzi behar izan zenuenean?
Galera horrek ez zidan halako atsekabea eragin. Herriko lagunekin aisialdiaz eta gauaz gozatzeko aukera ederra neukan, eta horretaz baliatu nintzen. Bertsolaritza ere hor zegoen, eta tarteka-marteka izaten nituen saioek gozatzeko aukera eskaintzen zidaten.
Ordutik ez zara sekula gehiago bizikletan ibili?
Ez. Behin batean Lekunberriko lagun batek tandemean ibiltzea proposatu zidan. Lehen esan bezala, sekula ez nintzen txirrindulari amorratua izan, baina irudiak lausotuz joan ziren heinean, errepidean pedalei eraginez aurrera egiteko bizipen hori betiko galdu nuela uste nuen.
Zer sentitu zenuen bizikletan berriro ibiltzean?
Ederra izan zen. Tandem bat lortu eta Larraun, Ultzama eta Sakana aldean lehenengo etapak egin genituen.
Norekin ibili ziren tandemean?
Bi lagunekin, Mario eta Juan Marirekin. Beraiek dira tandemaren aurreko postuan eseri eta errepidearen bihurguneak tentuz hartzen dituztenak. Biak goretsi beharrean sentitzen naiz. Suhiltzaile lanak horretarako aukera ematen die, baina beraiek ere beti hor egon dira, nirekin pedalkada batzuk emateko prest.
Zer moduzko harremana duzue?
Oso polita. Behin Juan Mariri kezka adierazi nion: "zuetaz gehiegi aprobetxatzen ari naiz?" Eta berak, lagunkoi eta ulerkor esan zuen: "lasai, gu bizikletaz nahi dugunean ibil gaitezke, eta zuk beste norbaiten beharra daukazu. Gu, jadanik, tandemean ibiltzen ohituak gaude, eta berdin zaigu bizikletaz bakarrik ibili edo tandemean zurekin ibili". Eta horrela ibili gara. Aurtengoa, jadanik, hamaikagarren urtea da; udaz uda gabiltza elkarrekin pedalei eragin eta haizeak, inbidian, elkarri esandako hitzak gure belarrietatik desbideratzen ez dituenean, errepidean honetaz eta hartaz hizketan.
Nondik abiatzen duzue zuen ibilbideak?
Abiapuntua Lekunberri izaten da beti. Eta etxeko norbaitek eraman behar izaten nau autoz bertara. Eta, jakina, beraiendako ere hamaika urte ez dira alferrik pasa. Ni Lekunberrira eraman eta bertatik ekarri beharrak, beren aisialdia eta herrian patxada ederrean egoteko aukera ere oztopatzen ditu. Horregatik, azken aldian maiz pentsatu dut ederra litzatekeela Urdiaindik gertu beste bidelagunen bat topatzea. Kasu horretan Urdiainen bertan tandem bat izango nuke, eta ez genuke aldiro Lekunberrira joan beharrik izango. Ez ditut inondik inora Juan Mari eta Mario alboratu nahi; esan berri dudan bezala, harreman ederra sortu dugu. Sakanan beste bidelagunen bat topatuta ere, tarteka-marteka bi lagun hauekin kilometroren batzuk egiten jarraitu nahi nuke.
Beraz, tandemerako bidelagun sakandar bila zabiltza?
Hori da.
Bizikletan ibiltzen jakiteaz aparte, beste zerbait behar da?
Ez. Hori bai, tandema gidatzeak trebetasuna eskatzen du, ez baita ohiko bizikleta batean ibiltzea bezain erraza. Baina Sakanan bizikletaz ibiltzeko ohitura handia dago, eta beraz, hautagai asko daudela esan daiteke. Norbaiti tandemean ibiltzeko gogoa sartuko balitzaio, jakinaraz diezadala, eta Lekunberriko lagunekin froga pare bat eginda, ziur tandemari elkarrekin neurria hartuko diogula.