Urdiaingo frontoiko lanak aurten eginen dira

Guaixe 2024ko eka. 26a, 09:00

Urdiaingo frontoiaren teilatua. ARTXIBOA

Teilatutik uralita kendu eta metalezko xaflak jarriko dituzte haren ordez. Etorkizunean eguzki plakak jarri nahi ditu pilotalekuko teilatuan. Kamioien aparkalekuko eta Teileriako zabaleko sasi garbiketa eginda, Sagardia kalean lanak egiteko dirulaguntza eskatuko du udalak.

Urdiaingo Udalak aurten 550.000 euroko aurrekontua du. David Oroz Alonso alkateak azaldu duenez, aurten udalak eginen duen inbertsio handiena Elizazpi pilotalekuak hartuko du. Udalak haren teilatua aldatu eginen du: amiantoa duen uralita kendu eta bere ordez metalezko xaflak jarriko ditu. "Proiektua egin genuenean aurrekontua 123.000 eurokoa zen. Baina inflazioagatik materialen prezioa igo egin da eta aurrekontua 180.000 euro ingurukoa da. Hala ere, lana eginen dugu, jaso dugun dirulaguntza baliatuta". Izan ere, Urdiaingo Udalak Nafarroako aurrekontuetatik zuzenean 90.000 euroko dirulaguntza jasoko du lan hori egiteko. EH Bilduk aurkeztutako aurrekontu zuzenketa baten bidez lortu zuen udalak diru hori. Orozek jakinarazi duenez, lanak emateko prozedura hastear dute. Alkateak azaldu duenez, teilatua berritu ondoren, udalaren asmoa da han goian argindarra sortzeko eguzki plakak jartzea. 

Aurtengo beste inbertsio handiak eginak ditu dagoeneko udalak. Batetik, herriaren iparraldean eraiki duen kamioiendako aparkalekua. Hari lotuta, aparkatzeari buruzko ordenantza indarrean da dagoeneko. Eta, bestetik, Teileriko zabalean egindako sasi garbiketa. Hori eginda, abeltzainen aziendak bazkatzeko tokia sortu nahi izan du udalak. Gainera itxiturak egin dituzte berez sortu den haritza babesteko. Bargan, berriz, gaztainondo zaharren ingurua pagoak kentzen eta gaztainondo zaharretatik adar berriak ateratzeko lanketa egiten ari da udala. 

Orozek jakinarazi duenez, aurten dermioko biderik ez da konponduko. Hori bai, udalak, bere bitartekoekin, etxerako egur loteetara iristeko bideak konponduko ditu. Gauza bera egin du Urriztiraino doan oinezkoen bidearekin. Joan den udatik botatako euriak kalteak eragin baitzituen bidean, batez ere aldapan zeuden tokietan. Eta urtsua den beste tokiren batean ere bai. 

Azkenik, Urdiaingo Udalak Sagardia kaleko sareak eta zorua berritu nahi ditu. "Milioi bat euro inguruko lana da", jakinarazi du alkateak. Nafarroako Gobernuaren hurrengo Toki Azpiegitura Planeko deialdian sartzeko eskaera eginen du atzera ere udalak. Aurreko deialdian erreserban gelditu zen.