Triatloia

Sakanako Haur Triatloian martxan

Guaixe 2024ko eka. 27a, 11:30

Sakana Triatloi Taldeko triatleta, helmugara iristen joan zen urteko txapelketan.

Uztailaren 20an, larunbata, jokatuko da Nafarroako Kirol Jokoen Triatloi Txapeketarako baliagarria den trialoia, Urdiaingo igerilekuetan.

Urtero bezala, Sakanako Haur Triatloia izanen da Urdiaingo igerilekuetan. Aurten 22. edizioa izango da, eta uztailaren 20an, larunbata, jokatuko da, 10:00etatik hasita. Igeriketa tartea Urdiaingo igerilekuetan jokatuko da, eta txirrindularitza eta atletismo tarteak igerilekuen inguruetan izango dira. Izena ematea zabalik dago, Nafarroako Triatloi Federazioko webgunean, uztailaren 15era arte. Sakanako Haur Triatloia, Nafarroako Kirol Jokoen Triatloi Txapelketarako baliagarria da.

Sakanako Triatloi campusa, ate joka
Sakanako Triatloi campusa Arbizun izango da, uztailaren 8tik 19ra. 8 eta 16 urte bitarteko neska mutilek eman dezakete izena, eta 10:00etatik 12:30era bitartean ariko dira. Arbizuko kiroldegian egingo dira igeriketa entrenamenduak, eta inguruetan atletismokoak eta txirrindularitzakoak. Monitoreak Maalen Beraza Etxarri eta Oihan Soto Satrustegi izango dira. Izena ematen dutenek Sakanako Triatloian parte hartzeko aukera izango dute. Izena ematea zabalik dago uztailaren 2ra arte edo 25 lekuak bete arte, Kirol Zerbitzuan, 40 eurotan.