Urdiaingo festetako azken egunean, uztailaren 3an, eguerdian, Mantis taldearen kontzertua izan zen. Taldeak indie taldeen bertsioak egiten ditu, baita poprock estiloko zenbait abesti propio ditu ere. Abeslaria herriko ezaguna da: Asun Zelaia Etxarri urdiaindarra. Bi hamarkada inguru eszenatokira igo gabe egon ondoren, Santi, David eta Jorge taldekideekin batera kontzertuak ematen hasi da. "Ezustean harrapatu ninduen, ez nuen inondik inora espero proiektu honetan sartuko nintzela". Berarengan jarri duten konfiantza "oso polita" izan dela esan du Zelaiak. "Bizitzak harritzen zaitu. Uste dut beldurragatik ez direla gauzak alde batera utzi behar; bizitzak ekartzen dizkizun gauzei heldu behar zaie, beldurrik gabe, eta partekatu". Horretan ari da.
17 urterekin, gutxi gorabehera, hasi zen Zelaia abesten, "uste dut 1986. urtea zela eta Iñigo Goikoetxearekin Euskal Kantu Lehiaketa batera aurkeztu ginen. Bigarren postua lortu genuen". Ondoren, Ortzi taldeko kidea izan zen. Entseguetan asko gozatzen zuela baina eszenatokietan ez zela eroso sentitzen esan du abeslariak: "Gaizki pasatzen nuen". Ortziren ondoren jendearen aurrean abesteari utzi nion. "Alde hori nire bizitzatik at gelditu zen". Hala ere, ez dio inoiz abesteari utzi.
Kantu klaseak
Duela zortzi urte Zelaia LHko irakasle lanean hasi zen eta konturatu zen ordubeteko klasearen ondoren ahotsa galtzen zuela. "Nik uste nuen tentsioagatik edo urduritasunagatik zela, baina probak egin zizkidaten eta soketan ez zuten ezer ikusi". Ahotsarekin "beti harremana" izan duenez kantu klaseak hartzen hasi zen, "baina ez kantatzeko helburuarekin, baizik eta arnasa hartzen ikasteko, zonaldea lasaitzeko eta abar". Jazz eskola batean hasi zen, Iruñean, eta irakasleak audizioak egiten zituen: "Beldur eszeniko izugarria neukan eta audizioetara ateratzen nintzen baina desastre hutsa zen". Bazekien gainditzeko modu bakarra ateratzea zela.
Santi bateria joleak eta Zelaiaren lankideak bazekien kantu klaseetara joaten zela eta aspaldi abesten zuela, "beraiek bazuten duela lau urte inguru soul talde bat eta proposatu zidan koroak egitea. Ezetz esan nion, inondik inora". Baina 2023ko apirilean Zelaiak kantu audizioa egin zuen, "eta amaitu nuen". Santiri deitu zion esanez taldean parte hartzeko prest zegoela, "talde hori pandemiarekin amaitu zen, baina David baxu jolearekin eta Jorge gitarra jolearekin indie bertsioen talde bat sortu zuten". Mantis taldea. Zelaiari abeslaria izateko proposatu zioten. "Hasieran ezetz esan nion, baina hiru abesti prestatzeko bidali zizkidaten, entsegu batera joan nintzen, eta oso gustura egon nintzen".
"Lauron artean harreman ona daukagu; ostiraletan entseatzen dugu Erriberrin; Santi eta David bertakoak dira eta Jorge Lizarrakoa". 2023ko Erriberriko festetan, irailean, jo zuten lehenengo aldiz publikoaren aurrean. "Oso eroso eta gustura sentitzen naiz".
Olentzeroren egunean herrian bueltan ari zirela Zelaiak David Oroz Urdiaingo alkateari esan zion musika talde batean abesten zuela eta "Urdinen jo behar dugu. Ez nion ezetz esateko aukerarik eman". Data bat zehaztea baino ez zen falta, eta data hori Urdiaingo festak izan zen. Gerora "zein momentutan" pentsatu zuen Zelaiak, eta aurretik pixka bat urduri egon arren, "erronka bat izan da. Herrian talde gehiago daude eta hor daude jotzen, eta ni izkutatzen bezala ari naiz; zergatik ez dut herriarekin partekatuko?".