Astekaria

Anne Etchegoyenen Gozategirekin 'Festa'

Guaixe 2024ko uzt. 23a, 12:14

Anne Etchegoyen, erdian, eta Gozategiko kideak, Urdiainen grabatutako bideoklipean. UTZITAKOA

Nafarroa Beherako abeslaria Urdiainen egon zen Gozategirekin 'Festa' abestiaren bideoklipa grabatzen.

Anne Etchegoyen abeslariak Festa abestiaren bertsioa kaleratu du, eta horretarako lagunak izan ditu: Gozategi. Kantua izen bereko diskoan kaleratu zuen Nafarroa Beherako abeslariak, Festa; 2023. urtearen amaieran argitaratu zuen, baina pandemia garaian sortu zuen. Abestia Iñigo eta Imanol Goikoetxearen Urdiaingo estudioan grabatu zuten, baita bideoklipa herrian grabatu zuten ere. Uztailaren 1etik plataforma digitaletan ikusentzun daiteke. Abeslariak aipatu zuenez, Gozategi bere ikasle garaiko talderik "kuttunena" da eta "ohore" bat izan da taldearekin abestia grabatzea. Bertsio berriak taldearen 32. urteurrenarekin bat egiten du. 

Euskal Herriko jai giroa, kalean gora eta behera ibiltzea, lagunekin elkartzea eta ondo pasatzearen izpiritua da nagusi kantuan. Gozategiko kideen esanetan, abestiaren letra eta melodia errespetatu dute, baina erritmo "biziagoa" eman diote kantuari, "musika zubi bat sortuz". Abestia grabatzeko talde hobeagorik ez zegoela esan du Etchegoyenek. 

Festak
Gozategi taldeak uztailaren 19an kontzertua eman zuen Irurtzungo festetan. Taldea 1992. urtean sortu zuten Asier eta Ainhoa Gozategik eta Iñigo eta Imanol Goikoetxeak. Hiru hamarkada daramatzate eszenatokiaren gainean eta haien kontzertuak arrakastatsuak izaten dira; Iñigo Goikoetxeak elkarrizketa batean aipatu zuenez, plazan sentitzen dira erosoen: "Urte hauetan guztietan konturatu gara plazan egiten dugun lana oso garrantzitsua dela; kalejira batean ondokoari eskutik heltzeko ahalmena dugu, kontuan izan gabe nor dagoen ondoan".

Trikitixa doinuak dira taldearen oinarrietako bat, eta haren estiloa trikipoparen barruan sar daiteke. Festarako musika dantzagarria egiten dute. Lehenengo diskoa 1995ean publikatu zuten, Gozategi, eta ondoren bost disko gehiago grabatu dituzte: Ainhoa, 1996an; Kalanbreak, 1998an; Egunon, 2000. urtean, eta, azkena, G-Puntua, 2018an.

Asier Gozategi (trikitixa eta ahotsak), Iñigo Goikoetxea (baxua eta ahotsak), Imanol Goikoetxea (gitarra eta ahotsak), David Gorospe (bateria), Asier Sarasola (tronpeta eta tronboia), Iñigo Perona (Tronpeta) eta Asier Ercilla (programazioak) dira Gozategi taldeko kideak.

Duela gutxi bi hilabete inguru Instagrameko kontua hackeatu zieten, bertako jarraitzaile eta informazio guztia galduz, eta beste bat sortu dute: @gozategi_ofiziala.