Astekaria

Sakanako triatloi festa ederra

Maider Betelu Ganboa 2024ko uzt. 29a, 13:49

Kadeteen mailan lehiatu ziren sakandarrak.

Sakanako XXII. Haur Triatloia eguraldi eta baldintza ezin hobeetan jokatu zen Urdiaingo Aitziber igerilekuetan. Erik Chaves lakuntzarra kimuen mailako txapelduna izan zen, eta kadeteetan Aitzol Zelaia laugarren sailkatu zen

Urdiaingo Aitziber igerilekuek eta Urriztiko, San Pedroko eta Basoitxi inguruko paraje ederrek Sakanako Mankomunitateak antolatutako Sakanako XXII. Haur Triatloia hartu zuten uztailaren 20an. Guztira 60 triatleta inguru lehiatu ziren, tartean Mank-ek antolatutako Sakanako triatloi campusean parte hartutako gazteek. Proba Nafarroako Kirol Jokoetarako baliagarria zen. Guztia antolatzen Mank-eko Kirol Zerbitzuetako teknikari Amaia Gerrikagoitia zegoen, Sakanako Triatloi Taldeko kideekin eta Sakanako triatloi campuseko monitore Ekhi Congilekin eta Oihan Sotorekin batera. 

Joan zen urtearekin alderatuta, zer edo zer jaitsi zen parte hartzea. Izan ere, igeriketa, txirrindularitza eta atletismoa batzen dituen probak kirol konpetentzia handia izateaz aparte, kirol gogorra da, eta hiru diziplina lantzea ez da batere erraza. Azkenean, hiru diziplinetan ongi moldatu beharra dago, eta horrek entrenamendu gehiago eskatzen du. “Triatloia oso-oso gogorra da” berresten zuen Oihan Sotok. Triatloi campusean “oso gustura” ibili direla gaineratu zuen monitoreak. “Igeriketa Arbizuko kiroldegian lantzen genuen, eta txirrindularitza eta korrika inguruetan. Azkeneko egunetan Sakanako Haur Triatloia prestatzen aritu ginen”. 

Goiztiarrenak jubenilak eta kadeteak izan ziren. Bi kategoriek elkarrekin osatu zuten proba, distantzia berbera zutela: Aitziber igerilekuetan 405 m igeri edo 15 luze egin; bizikleta hartu eta 8 km osatu, eta bizikleta utzi eta 2,2 km korrika egin. Nafarroako Triatloi Federazioko epaileek materialaren kontrola egin zuten, eta guztia ongi zegoela ziurtatu zuten etengabe. Tartean zegoen Monica Zubillaga nazioarteko epaile lakuntzarra. “Hamabost luzeak zuek zenbatu behar dituzue, guk ezin dizuegu ezer esan” azaldu zien triatletei. Eguraldia, bikaina zen. Hasieran nahiko freskoa, epelago ondoren. Tuterako Arena taldekoak ura nola zegoen probatzea eskatu zieten epaileei. “Normalean oso hotza egoten da, baina aurten epela eta guzti dago” zioten, harrituta. 

Beraz, baldintza guztiak alde zirela hasi zen proba. Jubeniletan Aimar Arizkunek (Saltoki) hegan egin zuen. Kronometroa 32:20 minututan gelditu zuen, Eneko Aierdiri (Antsoain) minutu pasa ateraz (31:39). Emakumezkoetan Uxue Cortes (Tri-Ur Gazia) izan zen azkarrena (41:11), Irati Siciliaren (Arenas) aurretik (42:18). 

Aitzol Zelaia, lehen sakandarra
Kadeteen mailan sei sakandar lehiatu ziren, Sakana Triatloi Taldeko Oihan Andueza, Ekaitz Berdud eta Aitzol Zelaia altsasuarrak, Xabat Arraiza lakuntzarra eta Jon Orella etxarriarra, eta Saltoki taldean dabilen Aratz Mendoza arbizuarra. Kategoria honek izan zuen parte hartzerik handiena. Gizonezkoetan Victor Fernandez (Saltoki) gailendu zitzaion (32:13) Eneko Calvori (Antsoain, 32:57), eta Mikel Señasek (Hiru Herri) osatu zuen podiuma (33:12). Aitzol Zelaia postu bat beherago sailkatu zen, laugarren (35:17). Ekaitz Berdud eta Oihan Andueza batera iritsi ziren, Berdud segundo bat aurretik (36:33), zortzigarren, eta Andueza bederatzigarren (36:34); eta Xabat Arraiza hamaikagarren sartu zen (37:25). Jon Orellak lehen triatloia zuen eta igeriketa zatia egin zitzaion gogorrena; hor galdu zuen denbora gehiena, baina gero behetik gora egin zuen eta hamabigarren sailkatu zen (38:24). Aratz Mendozak (Saltoki) hamalaugarren bukatu zuen (42:08), gau txarra pasa eta gero, nahikoa. “Asko nekatu zela” aitortu zuen. 

Kadeteen emakumezkoetan, Tuterako Arenas taldeko triatletak gailendu ziren. Maria Lainez izan zen azkarrena (34:39), Marta Gamen taldekideari 2 minutu pasa aterata (34:39). 

Haurren edo infantilen mailan (405 m igeri, 8 km bizikletan eta 2,2 km korrika) ez zen triatleta sakandarrik lehiatu. Emakumezkoetan Naroa Arizkun (Saltoki) izan zen txapeldun handia (20:48), Carmen Gutierrezen (Arenas) aurretik (22:58). Gizonezkoetan, Pablo Alcaide (Saltoki) izan zen txapelduna (17:47). Minutu pasako aldea atera zion Lander Anduezari (Trikua, 18:50). 

Chaves, txapelduna
Kimuen mailan 189 m edo 8 luze osatu behar izan zituzten, 3 km bizikletan eta 750 m korrika. Gizonezkoetan lehiatutako lau triatletatik hiru Sakana Triatloi Taldekoak ziren. Erik Chaves lakuntzarra gailendu zen (17:44), alde handiz. 3 minutu pasa atera zizkion Aiert Ruiz de Escuderori (Hiru Herri). Haitz Alicante (Sakana) hirugarren izan zen, eta Aiert Flores (Sakana) laugarren. Emakumezkoetan ez zen partaiderik izan.