1950ko hamarkadaren erdialdean Koro eta Angel Mari Clemares Albizturren gurasoak Bordelera lan egitera joatea erabaki zuten. Koro Urdiainen jaio zen, eta herrian, aiton-amonaren etxean, bizi izan zen; haurra zela Bordelera eraman zuten, "eta ondoren etorri zen Angel". Duela 64 urte, hain zuzen, jaio zen Angel Mari Bordelen. Anai-arrebak bertan bizitza egin zuten, eta Angel Mariren kasuan ere Frantziar estatuko zenbait hiritan bizitzen egon da eta orain jubilatu dela Bordelera itzuli da. "Uda guztietan" Urdiainera etortzen dira.
Bordele eta Urdiainen artean "desberdintasun asko" daude. Bordele hiri handi bat da, 800.000 bat biztanle ditu eta trafiko eta zarata handia. Hala ere, abantailak ere badituela esan du Angel Marik, itsasoa gertu dagoela eta hiri polita dela, esaterako. "Hona etortzen ginenean guretako desberdintasun oso handia zen".
Urdiainera "nahikotxo" etortzen direla esan du Korok: "Urtero behin edo bitan etortzen gara. Aiton-amonaren etxea ez daukagunez, landa etxea alokatzen dugu, Urdiainen edo Olaztin, eta oso ongi datorkigu". Bikotekidearekin etortzen dira eta azken urtetan "gurekin lagunak ekartzen" saiatzen direla esan du: "Hainbeste denbora herriari buruz hitz egiten, bada ezagutzeko garaia.
Gustatzen zaie". Etortzen direnean aste bat eta hamar egun inguru egoten direla gaineratu du Angel Marik.
Erritualak
Urdiainera iristen denean Angel Marik "erritual bat" dauka: "Iturtxulo aiton-amonaren auzora joatea eta bertatik ibiltzea gustatzen zait. Orain jendeak ez nau hainbeste ezagutzen, azkenean adineko jendea desagertzen doa; baina Iturtxulon dagoen parkera joatean naiz haurrak ginenean bertara joaten ginelako bizikletarekin eta lagunekin, eta haurtzaroa gogoratzeko modu bat da". Urdiaingo txoko horretan oroitzapen asko dituela gaineratu du Angel Marik.
Korok iristen direneko beste unetxo bat gogoratu du: "Urdiainen, Altsasun eta Olaztin lehengusu-lehengusinak ditugu eta etortzen garenean enteratuta daude etorriko garela; orduan, Urdiaingo Kaluxa tabernan elkartzen gara". Bertan ezagunak egoten dira, "eta modu horretan herrian integratuta gaude dagoeneko". Murgiltzeko modu "azkarra" dela dio Korok.
"Beste erritual bat da urtero lehengusu batekin Santa Marinara igotzea eta bista horiek ere izugarri gustatzen zaizkit"
Bordelera itzuli aurretik Korori lagunekin "afari baterako" edo luze egotea gustatuko litzaioke, "bisitak egiten ditut, baina pena da ezin garela gehiago elkartu, elkarrekin ratotxo bat egon". Angel Mari herrira itzuliko dela dakienez, ez du egin gabe ezer gelditzen zaion sentimendurik.
"Niri pagoak gustatzen zaizkit eta hiltzen naizenean nire errautsak pago jakin baten azpian lurperatzea gustatuko litzaidake". Angel Marik pagoen eta pagoen hostoen usaina eramaten ditu Bordelera itzultzen denean. Irudiari dagokionez igerilekuetako ingurua eta Urbasa dira gogoan dituen irudiak: "Beste erritual bat da urtero lehengusu batekin Santa Marinara igotzea eta bista horiek ere izugarri gustatzen zaizkit".
Korok herriko usain batengatik galdetuta garia jotzeko makinaren usainaren oroitzapena izan du. Bestetik, herriaren irudiarekin gelditzen da: "Orain, gainera, hain polita jarri dutela". Herrian asko egoten da Koro, eta bere oroitzapena beti herria dela dio, "natura ere gustatzen zait, baina herria gogoan dut". Bordelera ere "produktu asko" eramaten dituzte, han aurkitzen ez dituztenak: "txistorra, gazta, zainzuriak, piperrak, haragia...".