Artzaintzan lanean hasi berriak direnak izan ziren Uharte Arakilgo 56. Artzain Eguneko protagonistetako batzuk. Horien artean dago Maria Azpilikueta Izkue urdindarra. "Omenaldi honekin artzaintza proiektatu nahi dugu gure herrien biziraupenerako alternatiba gisa", adierazi zuten Aralar Mendi elkarteko ordezkariek.
Zergatik artzain?
Etxean (Lezaun), familiak, azienda izan du betidanik. Behiak, behorrak eta ardiak genituen. Osabak zituen eta aitak laguntzen zion. Nik zuzenean ez nuen harremanik aziendarekin. Gu beti inguruan ibiltzen ginen, eta behar zenean laguntzen genuen. Urdiaingo bikotearen aita artzaina zen. Hil egin zen eta dena saldu zuten. Azpiegiturak zeudenez, bikotea eta biok ardi batzuk jartzera animatu ginen. Bakoitzak gure lana genuen. Ni nire lanean gustura nengoen, baina artzaintza asko gustatzen zitzaigunez, biok erabaki genuen ni artzain izatea. Eta horretan segitzen dut.
Lanean zeundela esan duzu.
Bai, lehenik Lizarrako Eroskin eta, ondoren, Altsasukoan. Lanak eta ardien gobernua uztartzen nituen. Baina gero eta ardi gehiago jarri genituen. Artzaintza gehiago gustatzen zitzaidanez, artzain izatea erabaki nuen.
Aldaketarako azken bultzada zein izan zen?
Bikotekidea. Berari ardiak asko gustatzen zaizkio, betidanik. Berak ere etxetik gertu lan egiten du. Eta lanetako bat uztekotan nik uztea erabaki genuen. Bera lantegian ez dagoenetan beti ni laguntzen ari da.
Gauza bat da osaba laguntzea, bestea artzain izatea.
Ez du zerikusirik. Granjako eguneroko lanaz aparte, hainbat lan gehiago daude. Pixka bat zaila da, baina gustuko dut. Oso gustura gaude.
Ez zarete zerotik hasi.
Azpiegitura bagenuen. Nahiz eta beti hobekuntzaren bat egin beharra dagoen. Bikotekideak eskarmentu handia du, eta hori laguntza handia da. Bere aita hil zenean hamasei urte zituen, baina ordura arte aita laguntzen ibili zen. Zaletasun handia du. Eta niretako laguntza handia da. Ardi latxa burubeltzez osatutako artaldea dugu. Aitaginarrebak hala zuen artaldea. Lezaunen burugorriak genituen. Niri ere burubeltzak gustatzen zitzaizkidan, eta bikoteak horiek nahi zituen. Oso pozik nago.
Noiztik artzain?
Ezarri nintzenetik, lau urte.
Merezi du?
Bai. Oraintxe nik nire bizimodua ez nuke aldatuko. Badira hilabete batzuk gogorrak baino intentsuak direnak, egun osoa lanean egon beharra dagoena. Baina ardiak mendira igotzen direnetik azaroan jaisten ditugunera arte lasaiago gaude. Nahiz eta beti dagoen zereginen bat.
Aurten zer moduz dago mendia? Belarra bildu duzue?
Ongi. Joan zen uda mendiarendako eta aziendarendako ona izan zen. Ardiak menditik sasoiko jaitsi ziren. Hala jaitsiz gero, ongi umatzen dira eta esne jaistea ere ongi egiten da. Udaberrian nahikoa euri egin du, baina ongi. Eta azienda mendira igotzean nahiko hobetzen da.
Mendian nahikoa ur du artaldeak?
Bai. Santa Marina inguruan dugu, eta oso ongi dago.
Udazken akaberan arkumeak iritsiko dira. Zer moduz merkatua?
Beti gustatuko litzaiguke pixka bat gehiago ordainduko baligute. Arkumeak ongi saldu dira. Guk eguberrien ondorenerako izaten ditugu arkumeak. Eguberrietan gehiago balio du arkumeak. Guk ardiak beranduago umarazten ditugu, horrela kaleko bazka aprobetxatzen dugu. Horrela ongi moldatzen gara.
Esnea, gazta egiteko edo saltzeko?
Guk industriari saltzen diogu esnea. Aurten esnea ongi ordaindu dute. Pozik nago.
Zuendako bada ere, gaztaren bat eginen duzue, ezta?
Bai. Beti gabiltza esperimentuak egiten. Guk dakigunarekin aritzen gara. Batzuetan gauzak ongi egiten ditugu, besteetan ez hainbeste. Beti dago inguruan galde diezaiokezun jendea. Santos Goñi Larraia albaitariarekin oso eskertuta nago. Hots egin diogun guztietan ahal bezain laster etortzen zen. Gainera, telefonoz edozein kontsulta egiteko aukera nuen. Goñik ni asko lagundu nau. Bestalde, beti ikastaroak eta prestakuntza saioak izaten dira. Ikasteko izena ematen dut. Etorkizunean gaztandegia egiteko asmoa dugu.
Izenik baduzue?
Eztabaida dugu horrekin, kar, kar, kar.
Gaztandegia eginda, esne guztia gazta egiteko? Edo zati bat salduko duzue?
Industriari esnearen zati bat saltzea aukera bat da. Zeren gazta egin-egiten duzu, baina saldu ahal izateko bi hilabete pasa behar dira. Hasieran industriari esnea sal dakioke, gero gaztak egin... ikusiko dugu.
Jatorri izendapenean sartu edo ez erabaki beharko duzue.
Hori baloratu beharko dugu. Dituen abantailak eta eragozpenak aztertu beharko ditugu. Eta ikusiko dugu.
Gaztandegiak inbertsioa eskatuko du.
Bai. Uste dut gero eta jende gutxiagok egiten duela gazta. Produktu on bat eginez gero ongi atera daitekeela uste dut.
Inbertsiorako dirulaguntzarik bada?
Bai. Inbertsioagatik urtero laguntza eskaera aurkezteko aukera dugu, baita gaztandegia egiteko ere.