Pablo Urtasun

"Bizitzen ari garen guztia urte askotako lanaren emaitza da"

Maider Betelu Ganboa 2024ko urr. 2a, 13:00

Pablo Urtasun Perez, zuzendari lanetan. KERN PHARMA

Denboraldi ikaragarria egin du Kern Pharmak. Vueltako hiru garaipenen atzean lan handia dagoela berretsi du Pablo Urtasun kirol zuzendariak

World Tour mailako Vueltan hiru garaipen lortu eta gero, modan dago Pro Tour mailako Kern Pharma txirrindularitza talde nafarra. Pablo Urtasun urdiaindarra taldeko kirol zuzendarietako bat da, arrakasta horren arduradunetako bat. 

Nolako denboraldia. Nork pentsatuko luke Vueltan hiru garaipen lortuko zenituztela?
Inork ere ez. Inork pentsatzen zuena baino askoz ere hobeki atera zaigu Vuelta. Emaitzekin oso pozik gaude.

Emaitza hauek ez dira besterik gabe iristen. Atzean lan izugarria dago, urte askotakoa. Ez dakit seinaleetan sinisten duzuen, baina Pablo Castrillok Vueltan Kern Pharmaren lehen garaipena justu Kern Pharma taldeko arima zen Manolo Azkona hil zen egunean lortzea... 
Ez genuen seinaleetan sinisten, baina bai, gezurra dirudi. Manolo Azkonari bere bizitzako lan guztiaren emaitza eman genion egunean, taldearen lehen garaipena, bera zendu berri zegoen. Momentu hunkigarria izan zen, poza eta pena, dena batera. 

Horrek guztiak Asian harrapatu zintuen,Txinan. 
Hainaneko Tourra jokatzen ari ginen. Manolo Azkona txirrindulari nintzenetik ezagutzen nuen, eta Kern Pharman sartu nintzenetik harreman oso estua nuen berarekin. Txinara joan baino lehen berarekin hitz egin nuen, eta justu samar zegoela esan zidan, baina horren azkar joango zenik ez genuen espero. Pena hori dut, bere heriotzak ni kanpoan harrapatu izana. Bestalde, berak taldearen lehenengo garaipena ez ezagutzea pena handia da; berak ez zuen ikusi bere bizi guztiko lanaren emaitza. Vueltako lehen bi garaipenek Txinan harrapatu ninduten, eta hirugarren garaipenak, aldiz, etxean. Txinatik itzulita egun batzuk hartu nituen Vueltan taldearekin egoteko, txirrindulariei azken asterako animoak emateko.

"Urkoren garaipenarena poz ikaragarria izan zen. 5 urte daramatza gurekin, eta lan asko egindako mutila da"

Beraz, Urko Berraderen garaipena zuzenean ikusteko aukera izan zenuen, Gasteiz eta Maeztu arteko etapan. 
Helmugan bertan ikusi genuen Urkoren garaipena. Poza ikaragarria izan zen. Hau guztia urte askotako lanaren ondorioa da. Urkok gurekin 5 urte zeramatzan, eta lan asko egindako mutila da. Aurten justu puntua Vueltan harrapatu du, eta merezitako emaitza iritsi zaio.

Aurretik Pablo Castrillok bi garaipen lortu zituen. Lehena Manzanedan, eta bigarrena Asturiasko Cuitu Negrun sekulako erakustaldia eginez. Castrillok halako saltoa emango zuenik espero zenuen?
Bai, aurrera pauso handiak ematen ari zela ikusten genuen. Vuelta baino lehen World Tour talde batekin harremanetan jarria zegoen hurrengo urteetarako beraiekin sinatzeko. Talde handiak bere eboluzioa jarraitzen hasiak ziren, eta hori maila oso handia hartu duenaren seinalea da. Oraindik ez dakigu bere muga non dagoen.

"Oraindik ez dakigu Pablo Castrilloren muga non dagoen"

Kern Pharma Pro Tour edo bigarren mailako taldea izanda, zuen helburua Vueltako etaparen bat irabazteko borrokan sartzea zen, baina World Tour lehen mailako taldeekin lehian hiru garaipen lortu dituzue. Hori ez da batere ohikoa, esan daiteke inoiz ez dela gertatu. 
Ez da ohikoa. Bi mailetako taldeen artean aurrekontuari begira diferentzia oso handiak daude. World Tour mailakoak talde oso-oso handiak bihurtu dira, eta gu talde oso txikia gara. Horregatik, etapa garaipen bat borrokatzea lortzea izaten da gu bezalako taldeen helburua, eta borroka horretan sartuz gero, normalena izaten da garaipena ez lortzea. Eta hiru lortzea... uste dut Pro Tour mailako talde batek World Tour mailako itzuli handi batean inoiz ez dituela lortu. Aurten horrela tokatu da, baina hurrengo urtean helburua izango da berriz ere etapa garaipen baten borrokan sartzea, Vueltako gonbidapena lortzen badugu.

Aurten eman duzuen maila ikusita, Pro Tour taldeen gonbidapen horietako bat jasoko duzuela pentsa daiteke.
Hori antolatzaileen erabakia da, baina nik ez dut gonbidapena ziurtzat jotzen. Gutxienez, zer pentsarazi, lan hori jarri diegu. Beraz, gonbidapena lortzeko lanean jarraitu beharra dago.

Malasian zaude egunotan, Langkawiko Tourrean. Asiako lasterketa guztiak egin dituzu.
Talde japoniar batean hasi nintzen zuzendari, eta hango lurraldeetan esperientzia dut. Nire egutegiaren %20 Asiako probak dira, eta gainontzekoak Europakoak. Langkawiko Tourra zortzi etapako itzulia da, urriaren 6an despedituko dena, eta bertan bukatuko dugu denboraldia. Iaz Pablo Castrillorekin hirugarren egin genuen sailkapen orokorrean, eta ea aurten berriz ongi lehiatzea lortu, eta denboraldia ongi bukatzen dugun.

"Manolo Azkonak taldearen lehen garaipena ez ezagutzea pena handia da"

Nola baloratuko zenuke aurtengo denboraldia?
Denboraldi ona izan da. Vueltako hiru garaipenez gain, Burgosen laugarren izan ginen, eta Top 10ean postu asko lortu ditugu, aurreko denboraldietan lortzen ez genituenak. Taldearen batez besteko kirol maila asko igo da, eta hori azken urteetako lanaren emaitza da. 

Lortu dituzuen emaitza onen beste aldea da zuen txirrindulari batzuek beste talde batzuetara egingo dutela salto.
Gure lan guztia emaitza horiek lortzeko izaten da, eta emaitzak iristen direnean badakigu talde handiak etorriko direla eta gure txirrindulariak eramango dituztela. Beraz, gure lana da beste txirrindulari berri batzuk hartzea, eta berriz prozesu bera edo hobeagoa egitea. Ezin dugu lehen mailako taldeen parean jarri. Ea noizbait taldea handitu, eta txirrindulari horiek gurekin geratzeko aukera lortzen dugun.