Astekaria

"Gure burua ezagutzeko lengoaia da astrologia"

Erkuden Ruiz Barroso 2024ko urr. 2a, 13:27

Raquel Iriarte Bidegain astrologoa.

Raquel Iriarte Bidegain astrologoa Urdiainen bizi da eta karta astralak irakurtzen ditu. Astrologia autoezagutzarako tresna bat dela dio, eta egunerokotasunean zerikusia duena. 

Irailaren 20tik 22rako asteburuan Urbasan izandako topaketa batean parte hartu zuen.

1. Zer da astrologia?
Arbasoen diziplina bat da. Gizakia ez gara pertsona bat lurrean jarrita; zerbait handiago baten parte gara. Printzipio nagusia da: goian ematen dena behean ematen da; barruan dagoena kanpoan dago. Honi jarraituz, zeruan dauden planeta guztien mugimenduak nolabait guregain eragina dute. Makrokosmoari eta mikrokosmoari buruz hitz egiten du. Kosmoaren eta gizakiaren arteko zubi bat da, oso gizaki egiten gaituena. Nik autoezagutza tresna bezala erabiltzen dut. Gizakiaren natura ulertzeko, argia eta argitasuna eskaintzen digu. 

2. Zergatik zara astrologoa? 
Betidanik harrapatu nau zerura begiratzeak; iluntasun horrek harrapatzen ninduen handitasun bat zegoen. Izarrak ezagutzen hasi nintzen eta pixkanaka bizitzak astrologia ezagutzera eraman ninduen. Bilaketa pertsonal batean nengoen eta astrologia giltza izan zen; hau dena naiz.  

3. Zer egiten duzu? 
Astrologian karta natalaren bidez lan egiten da; jaiotzen zaren momentuaren eta tokiaren zeruaren argazkia da. Dakartzagun energia potentzialei buruz hitz egiten du. 

4. Nola iritsi zinen astrologo izatera? 
Duela 14 urte astrologia ikasten hasi nintzen Iruñean, Iselda Verarekin. 2020an Carina Falcon, Mujer Lunar, emakume mexikar bat ezagutu nuen, eta astrologiaren beste ate bat ireki zidan. Izugarri gustatu zitzaidan. Lehenengo kurtsoa egin nuen, gero bigarrena eta hirugarrena. Zertifikazioa aterako nuela zin egin nuen, eta erronka handi bat izan zen. Astrologia oso handia da, baina niretako astrologiaren gauzarik politena da gure bizitzetara jaistea; egunerokotasunean oso erabilgarria da. 

5. Nola egiten da karta astrala? 
Mapa astrala bakarra da. Jaiotze datarekin ateratzen da: programa batean sartu eta mapa ateratzen da. Norberaren izaeraren zatiak jakin ditzakegu. Garrantzitsuenak eguzkia, ilargia eta goranzko astroa dira. Hortik aurrera harilkatzen joaten gara: nola harremantzen garen, gure portaera mekanismoak, emozio beharrak, baliabideak, nola ikasten dugun, beldurrak eta blokeoak... Kontzientzia hartzen hasten gara. Karta itxia da, baina ez digu patuari buruz hitz egiten; biratzen doa. Bizitzan garatzen joaten gara; zerbait bizia da. 

6. Etorkizuna irakur daiteke?
Badago astrologiaren alde prediktibo bat. Nik ez dut egiten. Niri pertsonalki ez dit balio. Etorkizuna ez dago idatzia; norberak egunero idazten du hartzen dituen erabakiekin. Unibertsoan energia bat egon daiteke, baina zuk erabakiak hartzen dituzu, jakin gabe goian zer gertatzen ari den. Erabaki horiek bide batetik eramaten zaituzte. 

7. Badago jende askok ez duena sinisten...
Astrologia ez da sinistu behar; ez da erlijio edo dogma bat. Gure burua ezagutzera eramaten gaituen lengoaia da. Baliagarria izan daiteke edo ez; erabil dezakezu, har dezakezu, ezagutu dezakezu... Jende askok esaten dit ez duela baldintzatzea nahi. Ez. Jaio garen familian jaiotzeagatik baldintzatuta gaude. Kartan ikusten dugu nola egin dezakegun gu izateko, askatasun pertsonala lortzeko. Nik ez dizut esango zer egin behar duzun zure bizitzarekin. 

8. Eta horoskopoaren zeinuarekin justifikatzen direnak? 
Horrek ez du balio; aitzaki bezala erabiltzen ari zara. Astrologiak kontzientzia bat ematen digu; aitortzen badut nire eguzkia aries dela eta horregatik osti txar handia dudala... Ezin naiz hor gelditu. Aries zarela esaten didazuenean bakarrik eguzkiaz hitz egiten ari zara, eta hori kartaren alde oso txiki bat da; milioika energia daude. Nik alde ilargiaren aldetik lan egiten dut. Gure esentzia ematen digu. 

9. Ilargia ere oso garrantzitsua da, ezta? 
Ilargia gizakia kosmosarekin batzen duen astroa da. Izan garenaren memoria ematen digu; autoezagutza. Bizitzaren zikloak ekartzen dizkigu. Sinistarazi digute bizitza lerro bat dela; Unibertsoaren zikloetan integratzen garenean, ikusten dugu bizitza ziklikoa dela, ilargia bezala. 

10. Ilargi betea eklipse batekin pasa berri dugu, ekinozioaren atarian.
Ekinozioa hasten da eguzkia libra arketipoaren zero graduan sartzen denean. Lurraren gurpilarekin, erritmoekin eta jaiekin zerikusia du. Eklipseak transformazio momentu oso handiak dira; aldaketa momentu oso azkarrak markatzen dituzte. Ez du zertan kanpoan eman behar, agian barrukoak dira. Zure kartan agertzen denaren arabera gauza bat edo beste mugituko dizu. 

11. Astrologian erritualak egiten dira?
Eklipse garaian ez dut gomendatzen energia oso handia delako. Besterik gabe, gorputzak esaten digun bezala bizitzea. Ekinozioan erritualtxoak egin daitezke; niri gustatzen zait lurrari ematen digunagatik eskertzea. Erritualak gurekin konektatzea da, ez dut esango: "hartu edalontzi bat eta...".