Sanantondarren bilkura

Guaixe 2025ko urt. 27a, 11:40

Sainduaren egunaren hurrengo egunean ospatzera elkartu ziren Urdiaingo kofradiako kideak. 

Sanantondar urdindarrak ilbeltzaren 18ko, larunbateko, eguerdiko elizkizunean elkartu ziren. Aurreko urteetan meza eman zuen Migel Angel Sagaseta Ariztegi apaizaren ordez Patxi Izko Barberia izan zen San Anton kofradiakoen meza eman zuena. Ohi bezala, elizkizunaren ondoren, eliz atean herriko lurrak bedeinkatu eta San Antonen omenezko abestia kantatu zuten. Sanantondarrak handik Tintiniturri elkartera joan ziren gosaltzera. 

Bazkaldu aurretik egindako batzarrean kofradiaren kontuak egunean jarri eta ardurak banatu zituzten. Benito Aldaz Zufiaurrek eta Fernando Goikoetxea Zelaiak kofradiako maiordomo arduraren lekukoa Eduardo Goikoetxea Galarzari eta Javier Otxoa Zelaiari utzi zieten. Kofradiak 38 kide ditu eta atzeneko urtean ez da ez altarik ez bajarik izan. 80 sanantondar izatera ere iritsi dira. Hala ere, sanantondarrek adierazi dutenez, “kofradiak etorkizun tristea du. Gaur egungo giroa halakoa da”. Hala ere, guztiak elkartu eta ongi pasatzeko gogoz zeuden guztiak. Aitziber elkartean 25 bat izan ziren bazkaltzen izan zirenak. Bixente Setoain Nazabal akordiolariak girotu zuen topaketa. 

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!