Astekaria

"Orain semea laguntzen hasi da; jarraituko du"

Erkuden Ruiz Barroso 2025ko urt. 29a, 12:19

Aimar eta Javier Lopez de Goikoetxea, Urdiaingo Lopez de Goikoetxea Harategiko harakinak. ARTXIBOA

Urdiaingo Lopez de Goikoetxea Harategiak 60 urte bete zituen. Ospatzeko tarterik ez dutela izan esan du Javier Lopez de Goikoetxea harakinak; "zerbait" egingo dute. 

Gazte hasi zen aita laguntzen, eta orain Aimar, semea, haren pausuak jarraitzen ari da.

1. Noiz ireki zenuten harategia?
Irailaren lehenengo egunetan 60 urte bete zituen. Aitak ireki zuen; Francisco Lopez de Goikoetxea. 

2. Zergatik ireki zuen? 
Garai horretan Altsasun okindegian lanean ibiltzen zen, eta bere osaba batek Altsasun harategia zeukan. Orduan, ibiltzen zen okindegian eta harategian laguntzen. Hogei urte ingururekin hasi zen bere harategiarekin hemen, Urdiainen. 

3. Beti toki berean egon da?
Ez, herrian goian ireki zuen. Orain gauden etxea egin gabe zegoen. Herriko alderdi berria bezala zen, eta herria goian zegoen. Bere gurasoak han bizi ziren, etxe handi bat egin zuten, eta behean hiltegia eta harategia zeuden. Hiltegiak hemen jarraitu zuen. 

4. Noiz lekualdatu zen? 
Hamar edo hamabost urte goian pasa ondoren harategi berria egin zuen hemen, Elizazpin. Orduan bajera bat zen eta harategia ezkerretan. 

5. Txiki gelditu zen goiko harategia? 
Harategi handiagoa eta berriagoa zen. Hamar urtetan gauza aldatzen joan zen eta hortik etorriko zen aldatzearena. Hura gurasoen etxean zen, eta hau berak egin zuen, bere etxean zen, eta bertan jarri zuen bere harategia. 

6. Nolakoak ziren garai hartako salmentak? 
Gaur egunekoekin alderatuta oso desberdinak. Jendea etortzen zen eta kilo bat haragi eramaten zuen. Orain asko aldatu da. Ni hasi nintzenean laguntzen aldaketa etorri zen berehalaxe. Familiak oso handiak ziren.  

7. Noiz hasi zinen? 
Hemen dena zegoen: hiltegia, harategia... Orduan txikitatik txekorrak eta arkumeak aitarekin hiltzen egoten nintzen. Hamahiru urterekin laguntzen hasi nintzen, eta dagoeneko behatzen bat moztu nuen. Hamasei urterekin lanean hasi nintzen. Betidanik etxean ikusi dut. 

8. Eta etorkizunean? 
Orain semea hasi da. Negozioarekin segitzeko ikasten ari da, eta laguntzen hasi da. Ez dakigu ziur, baina seguruenik segituko du. Ganadua dugu eta berak ere betidanik etxean ikusi du... Gustatzen zaio. 

9. Harategiarekin batera denda ere ireki zenuten. 
Bai. Harategia ezkerrean zegoen eta bajera ere bazegoen. Orduan, duela 25 urte inguru denda egin genuen. Araudi berriak egin ziren eta obratzaile berria egin genuen ere duela hamalau bat urte. Dendan pixka bat ahazten diren gauza horietakoak ditugu.

10. Bizitza osoan ezagutu dituzuen bezeroak izango dituzue, ezta? 
Bai, eta esaten dugun bezala, herri txiki hauetan ezkilek jotzen dutenean... Bezero batzurekin, gainera, goiko harategiaz egiten dugu hizketan. Handik honuntza aldatu zirenean, goiko harategiak hiru egunetan irekita jarraitzen zuen jendeak esaten zuelako ea nola jaitsiko zen honuntzaino, eta orduan amak bertan jarraitzen zuen hiru egunetan eta aitak hemen egunero. Ni gora eta behera ibiltzen nintzen. Orduan, oraindik etortzen da goiko jendea eta goiko harategia gogoan du. 

11. 60 urteurren ospatu duzue? 
Ez genuen ezer egin. Ez neukan oso argi eta izeba batek esan zidan irailean 60 urte bete genituela. Ez dugu ezer egin, baina zerbait egingo dugu; sorpresatxoren bat.