Sakanako Mankomunitateak jakinarazi du Urdiaingo auzokonpostagailuak kentzeko prozesua otsailarekin abiatu zuela. Ibarreko erakundearen asmoa da auzokonpostagailua kudeatzeko boluntarioak dituztenak bakarrik uztea. Gaur egun halako boluntarioak Irurtzunen eta Altsasun daude. Baliteke Arakilen eta Irañetan ere interesa izatea bakarren batek boluntarioa izateko.
Mank-ek iragarri duenez, boluntariorik ez duten auzokonpostagailuak kendu eginen ditu. Boluntarioen egitekoa da auzokonpostagailuari jarraipena egitea. Besteak beste honako egitekoak ditu: pilatutako materia organikoa arrotzea tartean haizea sartzeko eta egituratzailea falta denean Mank-i eskatzea. Auzokonpostagailuaren bidez kudeatzen den materia organikoa herrian bertan kudeatzen denez, Mank-en kamioiek ez dute hura jasotzera pasa beharrik eta, ondorioz, ez dute erregairik kontsumitzen eta isuriak murrizten dira. Gainera, behin onduta, auzokonpostagailuan sortutako konposta komunitateak berak erabil dezake.
Mank-ek urdindarrei gogorarazi die "materia organikoa bereiztea derrigorrezkoa" dela. Etxe ondotik auzokonpostagailua kendu diotenari bi aukera eskaini dio ibarreko erakundeak. Batetik, atez ateko bilketa. Norberaren hondakin organikoak kubo marroira bota eta kuboa astelehen eta ostegunetan dagokion gakoan jarri beharko du. Beste aukera da etxean konpostagailua jartzea eta han konposta egitea.
Ibarreko erakundeak gaztigatu duenez, "kubo marroia edo konpostagailua behar baduzu, edo beste edozein zalantza izanez gero, jarri harremanetan Hondakin Zerbitzuarekin". Horretarako hots egin 900 730 450 telefono zenbakira edo info.hondakinak@sakana-mank.eus helbidera mezu elektroniko bat bidali. Gogorarazi dutenez, "hondakinak bereizteko moduari buruzko informazio gehiago ere aurkituko duzu sakana-mank.eus webgunea".