Arlo digitalari buruzko bi ikastaro

Guaixe 2025ko ots. 19a, 11:43

Urdindarrak Elizazpi kalean. ARTXIBOA

Bata adinekoei zuzenduta, bestea herritar guztiendako.

Urdiaingo udaletxeko erabilera anitzeko gelak digitalizazioarekin lotutako bi ikastaro hartuko ditu hurrengo astetan. Aurrena, adinekoei zuzenduta dago eta Indartu digitalizazioari buruz dituzun ezagutzak izenburua du. Besteak beste, honako gaiak landuko dituzte: komunikazioa eta lankidetza, segurtasun digitala eta pribatutasuna, arazoen ebazpena, informazioaren eta datuen bilaketa eta kudeaketa eta eduki digitalen sorrera. Otsailaren 24tik 28ra, astelehenetik ostiralera, 09:30etik 11:30etara izanen da, guztira hamar ordu. Izena eman nahi duenak 948 012 012 telefono zenbakira hots egin edo acercanavarra.es webgunea erabil dezake. 

Atzeneko ikastaroa herritar guztiei zuzenduta dago eta Kudeaketa elektronikoak: online erosketak eta banka digitala izena du. Ikastaroan honakoak jorratuko dira, besteak beste: banka digitala eta online erosketak, online bidezko erosketa metodoak, iruzurra online erosketetan, produkzio kostuak eta arazoen ebazpena eta merkataritza elektronikorako plataformak. Martxoaren 3tik 7ra, astelehenetik ostiralera izanen da, 09:30etik 11:30era, herriaren etxeko erabilera anitzeko gelan. Hamar orduko iraupena du. Izena emateko 948 012 012 telefono zenbakira hots egin edo aventuradigital.navarra.es webgunearen bidez egin.