Elizazpi frontoiaren teilatutik dagoen uralita kendu eta haien ordez metalezko xaflak jartzeko lanak duela bi aste hasi ziren. Langileek behar bezala lan egiteko beharrezko segurtasun prestaketak egiten aritu ziren lehenik. David Oroz Alonso alkateak jakinarazi duenez, "aste honetan eta hurrengoan teilatutik uralita plakak kentzen ariko dira, ondoren teilatu berria jartzeko". Lanak Aste Santurako despedituta egon daitezkeela azaldu du alkateak.
Orozek argitu duenez, lanak iraun bitartean pilotalekua itxita egongo da. Horren ondorioz, Urdiaingo irristaketa taldeko kideen entrenamenduak Bakaikuko Iturrarte frontoian egiten ari dira. Beraz, lanak iraun bitartean, astearte eta ostegunetan, 18:00etatik 19:00etara, irristalari urdindarrak Bakaikun trebatuko dira. Alkateak azaldu duenez, "frontoia asko erabiltzen da. Gurasoak haurrekin neguan askotan egoten dira bertan. Gainera, haurrak areto futbolean edo pilotan jokatzera joaten dira. Eta helduek, urdindarrek eta beste herrietakoek ere erabiltzen dute".
Lanen hasieran 123.000 euroko aurrekontua zuten. Baina materialen prezioa igo egin denez, 171.580,94 euro inguru bideratuko ditu udalak teilatua berritzera. Nafarroako Gobernutik zuzenean 90.000 euro jasoko ditu lanak finantzatzeko. Diru hori EH Bilduk Nafarroako Gobernuaren 2024ko aurrekontuei aurkeztutako zuzenketa baten bidez iritsiko da. Orozek azaldu duenez, "frontoiko teilatuan elektrizitatea sortzeko eguzki plakak jartzeko proiektua egina du udalak. Horiek heldu den urtean jartzea da asmoa", aurreratu du.