Oihana Gallo San Roman parlamentaria izanen da

Guaixe 2025ko mar. 27a, 11:17

Oihana Gallo San Roman foru parlamentaria izanen da. ARTXIBOA

Arantza Izurdiaga ordezkatuko du Nafarroako Parlamentuko EH Bilduren taldean. Koalizioaren kongresuaren ondorengo berrantolaketaren baitan hartu da erabakia.

EH Bilduk jakinarazi duenez, Nafarroako Parlamentuan duen taldea berrantolatu du "taldea indartzeko helburuarekin". Hala, orain arte foru parlamentari izan den Arantxa Izurdiaga talde parlamentarioaren koordinatzaile politiko berria izanen da aurrerantzean, eta Kongresuan berritu den Nafarroa Garaiko Idazkaritza eta Mahai Politikoko kide izanen da. Horretarako, Izurdiagak parlamentari aktari uko egin dio. Bere eserlekua Oihana Gallo San Romanek hartuko du, EH Bilduren Nafarroako Parlamenturako hauteskunde zerrendan hurrengoa denak.

Gallo Politika eta Administrazio Zientzietan lizentziatua, Demokrazia Parte hartzaileko Prozesuetan aditua, eta masterrak ditu bai Emakume eta Gizonen arteko Berdintasunean bai Genero-indarkerian Diziplinarteko Eskuhartzean. Berdintasun eta Herritarren Partaidetzako teknikari lanetan aritu da 11 urtez hainbat toki administraziotan eta Urdiaingo Udaleko zinegotzi izan da bi legealditan. Gaur egun, Sakanako Mankomunitateko Berdintasun teknikaria da 2019tik.

Urdindarrarekin lau dira foru parlamentari sakandarrak: Unai Hualde Iglesias (Geroa Bai, Altsasu), Eneka Maiz Ulaiar (EH Bildu, Etxarri Aranatz) eta Javier Ollo Martinez (Geroa Bai, Altsasu). 

Zergatia
Erabakia EH Bilduren III. Kongresuaren ondoren hartu da. Subiranistek azaldu dutenez, "berrantolaketa maila nazionalean bultzatu duen berritzearen baitan kokatzen da eta talde parlamentarioa indartzea bilatzen du, baita alderdiaren zuzendaritzarekin koordinatuta lan egitea ere. "Ia legealdiaren erdian gaude, eta une erabakigarriak bizitzen ari gara, bai Nafarroan, bai estatu eta nazioarte mailan, konpromiso sendoa behar dutenak egungo bizi-erronkei aurre egiteko", defendatu dute alderdi subiranistatik.

Koalizioak jakinarazi duenez, Mikel Zabaleta, Hegoaldeko Mahai Politiko berriko kidea, talde parlamentarioaren ondoko bozeramailea izanen da. Hori dela eta, Zabaletak Nafarroako Parlamentuko Mahaian bigarren idazkari gisa duen lekua Adolfo Araiz parlamentariak beteko du.

EH Bilduren arabera "Nafarroako talde parlamentarioa sendotuta geratzen da premiazkoak diren ekimen politiko eta erronka sozial garrantzitsuetan lan egiteko". Izurdiagak adierazi duenez, "talde indartsu bat dugu, gaitasun handiko eta aditu espezializatuek osatua, hainbat arlotan eta lan instituzionalean esperientzia militante zabala dutenak. Horrek guztiak Nafarroako EH Bilduren aldetik lan parlamentario erabakigarriagoa ekarriko du, bizi dugun ziklo ekonomiko berriaren aurrean nafar herritarrentzako ongizate bermea izateko xedez", defendatu du.