Nafarroako Parlamentuko Erakunde Aretoan egin zen ekitaldian, parlamentari berriak kargua hitzeman zuen. Horretarako honako formula erabili zuen: "legeak horrela agintzen duelako hitza ematen dut, kontzientziaz eta ohorez, foru araubidea beti errespetatuko dudala, Konstituzioari eta legeei men eginen diedala eta nire karguari dagozkion eginbeharrak zintzo beteko ditudala".
Karguaz jabetzeko ekitaldian Parlamentuko lehendakari Unai Hualde Iglesias Oihana Gallo zoriondu zuen eta "zorte ona" opa zion kargu berriak betetzean. "Erakundeko lehendakari gisa eta Mahaiko eta Ganbera osoko kideen izenean, zorionak eta ongi etorri. Ziur nago gaur hasiko den etapa oso aberasgarria izango dela zuretako, Erkidego honetako emakume eta gizonen ordezkari izatea erantzukizun handia baita, eta, zalantzarik gabe, ohore handia ere bai. Eman iezaiozu jarraipena orain arte toki administrazioetan egin duzun lanari", adierazi zuen Hualdek.
Ekitaldian, Hualdez aparte egon ziren Ramon Alzorriz, Kevin Lucero (PSN), Adolfo Araiz, Laura Aznal, Arantxa Izurdiaga, Irati Jimenez, Oihan Mendo, Txomin Gonzalez, Eneka Maiz, Javier Arza (EH Bildu), Pablo Azkona, Javier Ollo (Geroa Bai) eta Carlos Guzman (Contigo-Zurekin).
Gallorekin lau dira Nafarroako Parlamentuko kide diren sakandarrak gaur egun: Uhalde, Eneka Maiz Ulaiar eta Javier Ollo Martinez. 50 parlamentari dira eta haietatik sakandarrak %8 dira. Ibarrak Nafarroako populazioaren %3,05 du. Bestalde, urdindarra 14. parlamentari sakandarra da.
Parlamentari berriaz
Urdiainen jaioa (1981), Gallo EH-Bildu Nafarroaren zerrendako 12. postuan zegoen 2023ko maiatzaren 28ko Nafarroako Parlamenturako hauteskundeetan. Berdintasun eta Herritarren Partaidetzako teknikaria izan da hainbat administraziotan 11 urtez (Sakanako Mankomunitatea 2019tik). Urdindarra Politika eta Administrazio Zientzietan lizentziatua da (EHU, 2003), demokrazia parte-hartzaileko prozesuetan aditua da (EHU, 2004) eta bi master ditu, bata Berdintasun Agenteetan (EHU, 2014) eta bestea Genero Indarkeriako Diziplinarteko Esku-hartzean (VIU, 2024). ILZ ere badu (MKU, 2005). Urdiaingo Udaleko zinegotzia izan da bi legealditan.