Hasi dira Urdiaingo igerilekua berritzeko lanak

Alfredo Alvaro Igoa 2025ko api. 16a, 09:00

Makinarekin igerileku handiaren barruan lanean.

Legedira egokituko dituzte 350.000 euroko inbertsioa eginda. Aitziber elkartearen asmoa urtero moduan zabaltzea da. Topagune gisa eta auzolanengatik Urdiain kohesionatzeko elementua dira igerilekuak.

Nafarroako Gobernuak onartutako higiene, osasun eta segurtasun araudia bete beharra dute herrialdeko igerileku guztiek. Foru administrazioak igerilekuak egokitzeko lanak egiteko epe bat jarri zuen. Baina ondoren epe horren hainbat luzapen etorri ziren. Bitarte horretan joan dira ibarreko zenbait igerileku legera egokitzen, baina falta zirenen artean Urdiaingoak zeuden. Horiek udal batenak ez diren ibarreko igerileku bakarrak dira, Aitziber elkarteak kudeatzen baititu.

Elkarteko bazkideek eta zuzendaritzak bazekiten igerilekuan lanak egin beharra zituela. Eskuartean 600.000 euroko proiektu bat ere izan zuten 2016an. Baina luzapenak zeudenez, utzi egin zen. Azkenean, lanak egin edo batere ez egitea erabakitzeko unea iritsi zen. Nafarroako Gobernuko aurtengo aurrekontuari zuzenketa aurkeztu zioten Geroa Baik eta EH Bilduk eta horren bidez elkarteak 90.000 euro jasoko ditu igerilekua berritzeko lanak egiteko. Ondoren bazkideek batzarrean lanekin aurrera egitea erabaki zuten.

Egitekoak
Hiru lan aurreikusi dituzte. Legediaren arabera igerilekuko urak bere inguruko hondartzako azalerako altueran egon behar du, eta ateratzen den urak gainezkabideetara joan behar du, handik araztegira joateko. Beraz, igerilekua inguratzen duten hondartza guztiak aldatuko dira. Han saretak jarriko dituzte gainez egin duen ura jasotzeko. Lanak baliatuko dituzte urak arazteko sistema aldatu eta hobetzeko. Eta, azkenik, argindar azpiegitura guztia berritzea.

Lanak hasi aurretik bazkideek auzolanean lan dezente egin izan dute. Eta, jakina, ondoren ere belardiak ongi jarri eta guztia garbitzeko auzolanak egin beharko dituzte. Garagarril akaberan edo garilaren hasieran zabaltzen ditu beti ateak igerilekuak eta aurten ere hori da elkartekideen asmoa.

Obrak 350.000 euroko aurrekontua du. Aurreko proiektutik gauzak kendu eta beste batzuk egiten joan baitira. Jakinik igerilekuan obra handia eginen zela, 170 bazkideei kuota igo zieten, eta horren zati bat lanak ordaintzeko gorde izan dute. Aurrekontua estaltzeko, hala ere, hipoteka eskatu beharko du elkarteak.

Herria eta igerilekua 
Aitziber elkartea 1967ko maiatzaren 1ean sortu zen, duela 58 urte. Elkarteak berak Urriztin dauden Urdiaingo igerilekuak agorrilaren 13an zabaldu zituen. Bai elkartea bai igerilekua herria egituratu eta kohesionatzeko ezinbesteko elementuak izan dira bost hamarkada horietan. Igerilekuak puntuan jartzeko beti egin behar izan dituzte auzolanak. Horietan adin guztietako urdindarrek bat egin dute. Elkartze horiek herriarendako oso garrantzitsuak izan dira. Bi elkargune horiek gabe Urdiain beste bat litzateke egun.