"Txititan Urdingo piszinetara joaten ginen, hori zen gure uda. Gero nerabeak ginenean ere joaten ginean, baita gaztetxoagoak ginean ere. Eta orain guraso naizela joaten gara. Sentsazio bat da: Urdiainen uda piszina da". Bizitza osoan etenik ez duen zerbait dela esan du Maddi Aldaz urdindarrak: "Gure kuadrillan bereziki, haurrak izan edo ez izan, aurretik edo ondoren; beti izan da piszina". Urteekin aldatu den gauza bakarra "lekua" da; lehen kuadrillarekin toki zehatz batean jartzen ziren, "eta orain ez naiz kids zonara pasa, horretara erresistitzen naiz, baina bai gerturatu naizela pixka bat". Kuadrilla kontrolatzen du toki berritik.
Uztailan eta abuztuan, egunero, joaten dira Urdiaingo piszinara. "Uztailan egiten ari den eguraldi honekin gogoratu naiz txikitan igeriketa ikastaroak izaten genituela, autobusez joaten ginen, eta berdin zion eguraldiak. Neoprenorik gabe egiten genuen". Ikastaroak "aspaldi" bukatu ziren, baina eguraldi txarrarekin ere piszinara joaten direla esan du Maddik: "Tabernara; haurrak basoan jolasten egoten dira eta gu pote bat hartzen eta kartetara jolasten". Kotxearen maleteroan "beti forro polarra".
Basoan
Garai batean gurasoekin kotxez joaten zen, gero kuadrillarekin bizikletan, eta gaztetxoagoak zirenean autostop ere egin izan dutela gogoratu du urdindarrak: "Herritik bost bat kilometrotara inguru egongo dira". Baina beti kuadrillarekin; "gogoratzen naizena, bai". Amarekin joaten zenean ere lagunekin jolasten egoten zela gogoratu du. "Oraindik ere Aitorren (Irigoien) mezua jasotzen dut: joan behar za piszina? Ziordiko piszina?". Izan ere, aurten Urdiaingo piszinak uztailaren 26an zabaldu zituzten, obrak egin ondoren.
Urdiaingo piszinak Aitziber elkartearenak dira, eta bazkideek kuadetzen dituzte. "Obra egin dugu. Bozketa egin genuen obra egin edo ez erabakitzeko; bazkideak egon gara dirua sartzen, eta pentsatu genuen piszinak hausten badira, ez zirela gehiago irekiko". Eta uda Urdiaingo piszinarik gabe, "ez da uda". Urdiaingo Udalak dirulaguntza eman du ere. Elkarteak 58 urte ditu, eta piszinak elkartea sortu eta gutxira egin zituztela kontatu du Maddik: Magotteaux enpresak lurra behar zuen eta Urreztin zulo bat egin zuen; herriko garaiko gazteek zulo hori baliatu zuten piszina egiteko". Nafarroako lehendabizikoetakoak izan zirela gogoratu du.
"Horretan pentsatzen dudanean ilusioa sentitzen dut; oporrak dira"
Maddirendako udan piszinan pasatzen dituen momentu horiek berdeak dira eta baso usaina dute. Tokia "zoragarria" dela esan du. "Horretan pentsatzen dudanean ilusioa sentitzen dut. Ailegatuko da eguna eta joango gara piszinara; oporrak, paradisua, lasaitasuna... Zoragarria da".