Astekaria

"Urdindar guztiak parte hartzera gonbidatuta daude"

Alfredo Alvaro Igoa 2025eko irailaren 23a

Hausnarketa prozesuko aurreneko saioa. Asteartero dago hitzordua jarrita. UTZITAKOA

Urdiainen Herri-Eskola hobetzeko komunitate hausnarketa prozesua martxan jarri da. 'Zaindu dezagun Urdiain. Haurren herria, denon eskola' lelopean eginen dute. Antton Garcia Lopez Guraso elkarteko presidentea da. 

Azken urteetako ikasle datu kopuru bera du Urdiaingo Herri Eskolak. "Horrek positibotik badu", esan du guraso elkarteko buruak. "Urtero klaustroa berritzen den arren, gure proiektuarekin bat egitearen poztasunarekin abiatu dute ikasturtea. Hori familiek gustura hartzen dugu", gaineratu du. Gobernuak 2 urteko ikasgelarik gabe utzi du eskola. "Ate bat itxi zitzaigun, baina gure eta udalaren elkarrizketetan ondorioztatu genuen baliatu behar genuela, eta Urdiaingo umeen erreferentziazko haur eskola publikoa Kattuka da". Gela desagertzearekin batera ikastetxearen premien inguruko kezka sortu zen guraso eta irakasleen artean. 


Antton Garcia Lopez, Urdiaingo herri eskolako guraso elkarteko presidentea. UTZITAKOA

Eskolak hobetu beharra du? 
Bai. Guraso Elkarteko zuzendaritza berria 2024an aukeratu zen. Eta egin genuen lehen gauza izan zen familiei galdetegi digitala bidaltzea. Erantzunak aztertuta, agerian gelditu zen eskolaren hezkuntza proiektuaren indargunea: txikitasunak pedagogian ematen dituen abantailak. Baina bistan gelditu ziren egitura eta zerbitzu gabeziak: patioa, jangela, ikasgelen tamaina eta abar. Eskolak 2027an 75 urte beteko ditu. Eraikina bere horretan mantendu da. Ondorioztatu genuen hausnarketa bat behar zela. 

Elkarrekin zerbait sortu nahi duzue? 
Hori da. Eskola herriarena da, ez han ikasten dutenen "jabetzakoa". Herriarena denez, urdindar eta eragile guztiek dute zeresana, adina eta eskolarekiko harremana edozein dela ere. Eskola ez da eraikin isolatu bat, herrian dago. Horrek guztiak beharrezkoa egiten du herri moduan horren inguruan hausnartzea eta proposamen adostu batzuk bulkatzea. Guztioi eragiten digun baliabide publikoa da eta, horregatik, urdindar guztiak parte hartzera gonbidatuta daude.   

Hezkuntzak parte hartuko du?
Bai. Eskolako ikuskariari prozesua aurkeztu diogu, departamentuak prozesuan protagonismo zuzena izatea nahi dugu. Irakasleak gobernuko langileak dira. Eta eraikinean egiten den edozein moldaketa gobernuaren oniritzia eta berak bulkatuta egiten dira. Hausnarketa prozesuan bildutako informazio guztiarekin Orekari arkitektura estudioak aurreproiektu bat prestatuko du. Gure beharrak eta horiek errealitate bihurtzeko proposamenak jasoko dira. Aurreproiektua Hezkuntza Departamentuari emanen diogu. 

Sakanako herri eskolek zer diote?
Interesa eta harridura piztu die. Guraso elkarte gehienak jangelak eta eskolaz kanpoko jarduerak kudeatzen sekulako lana dute. Guri, zorionez edo zoritxarrez, halakorik ez zaigu tokatzen, eta halako saltsetan sartzen gara. Aterako diren ondorioak eta prozesuaren martxa guraso elkarteekin partekatuko ditugu 

Nola abiatu zenuten guztia?
Galdetegiaren ondorioak aztertuta, argi ikusi genuen egiturazko neurriak hartu behar zirela. Horretarako taxuzko prozesu bat behar da. Orekariko Xabier eta Itsaso Urdiainen bizi dira eta haiekin harremanetan jarri ginen. Nafarroako Gobernuko herritarren partaidetzarako dirulaguntzen berri eman ziguten eta deialdira proiektua aurkeztea proposatu ziguten. Horrela komunitateak emandako informazioa jaso, ondoren aurreproiektua sortzeko. Ideia bikaina iruditu zitzaigun eta ilbeltzean eta otsailean horretan aritu ginen. Gobernuak 10.000 euroko laguntza eman digu. Urdiaingo Udalak prozesuan parte hartu eta diru ekarpena eginen du. Orekarikoak gidatuko dute prozesua. 


Lehen saioko hizlariak: Mikel Baztan, Ahinitze Errasti, Ioar Cabodevilla eta Alfredo Hoyuelos. UTZITAKOA

Prozesuak zein epe du? 
Komunitate hausnarketa hainbat ardatzen inguruan bideratu nahi genuen, esaterako, arkitektura eta hirigintza. Zeharka egiturazko balio batzuk ere landu nahi genituen: pedagogia berriak, feminismoa, natura, ekologia, espazio publikoaren defentsa... Horietan erreferentziazkoak diren pertsonak aukeratu genituen hasierako inspirazio saiorako. Hilaren 16an, asteartean, hemen izan genituen Ainitze Errasti arkitektura pedagogikoari buruz hitz egin zuena, Alfredo Hoyuelos pedagogia berritzaileez eta Mikel Baztan, besteak beste, Noaingo zentzumenen parkearen sortzailea. Herria, eskola eta naturaren inguruan aritu ziren, errealitate berriak azalduz. Lastailaren 21era bitartean hiru tailer izanen dira: eskolaren diagnosia eta beharrak irailaren 21ean, 18:00etatik 19:30era; proposamenak lastailaren 7an eta eskola berrituaren ko-diseinua lastailaren 21ean. Txikiendako tailerrak izanen dira. Haiek ere protagonistak dira. Horregatik leloa: haurren herria, denon eskola. 3 eta 5 urte artekoak irailaren 30ean, 16:30ean eta lastailaren 14an, 6 eta 11 urte artekoak. 

Aurreproiektuarekin, zer?
Departamentuari prozesuaren berri eman eta herriak erabaki duen zerbitzu eta baliabideen eraberritze proposamena aurkeztu. Haien erantzuna zuzenean jaso nahi dugu. Bi urteko gela kentzea guretako zartako bat izan da. Horren ondoren proposamen eraikitzaile bat egiteko gai izan gara. Guretako garrantzitsua da erakustea kolpea jaso arren aurrera goazela. Herri eskola publiko egonkor eta pedagogikoki itzela izan nahi dugu. Horretarako, behar diren baliabideak dagozkion eragileei eskatuko dizkiegu. Lan serio baten ondoren egindako aurreproiektua gobernuaren diru partidetan jasota gelditzeko esperantza dugu.