Etxeak eraikitzeko birpartzelazioa, aurrera

Guaixe 2025eko urriaren 7a

Etxeak nola eraikiko diren irudikatzen duen planoa. UDALA

Hirigintza arauak aldatu diren partzelaren hegoaldean Arloska kalea dago eta ekialdean Elizazpi.

Behin betiko onartu da Urdiaingo Udalak hirigintza araudian egindako aldaketa. Eta, beraz, Goikoetxe Egintza SMk eta Juan Jose Irigoien Goikoetxeak egindako proiektua aurrera doa. Lau partzelen birpartzelazioa eskatu zuten, hirigintza aldetik antolatu ahal izateko ondoren han etxebizitzak eraiki ahal izateko. Birpartzelatutako hirigintza unitateak 3.161 m2-ko azalera du eta han gehienez 2.219 m2-etan eraiki daiteke. Gehienez 13 etxebizitza izanen dira.

Sortu diren lau partzela berrietatik sustatzaile bakoitzak biren jabetza du. Lehen partzelan (646,04 m2) beheko solairua eta bi gehiago dituzten lau etxebizitza eraiki daitezke. Bigarren partzelan (599,04 m2) aurrekoen antzeko hiru etxebizitza eraiki daitezke. Hirugarrenean (512,44 m2) beste hiru etxebizitza jaso daitezke, aurrekoen tipologia bera dutenak. Azkenik, laugarren partzelan (455,30 m2) hiru etxebizitza eraikitzeko aukera izanen da. Horiek ere behe solairua eta bi altuera izanen dituzte. Unitateko 948 metro eta 18 decímetro karratu udalaren eskura pasako diren kaleak izanen dira.