Duela hamar urte hil zen Benigno Mendia Goikoetxea omentzeko eta oroitzeko eguna izan zen larunbatekoa. Mendia "gure barruan, gure bihotzean dago. Eta horrek mugitu gaitu hau guztia antolatzea", azaldu zuen Jonan Apaolaza aurkezleak ekitaldiaren ongi etorrian. Jendez betetako plaza bati zuzendu zitzaion. Plazan, omenduak gustuko zuen tokian jarritako plaka berritu zuten. Lehengoaren berdina da. Han Mendiaren irudia eta ez ga hobenak izanko, bia txarrenak eztare esaldia irakur daiteke. "Hori eta halako esaldiak esatea asko gustatzen zitzaion", esan zuen Apaolazak. Azaldu zuenez, "esaldiak esan nahi du gure onena eman dugula, eta horretaz harro sentitu behar dugu. Beti onena izatea ez da posible. Baina beti saiatu behar gara gure onena ematen". Omenaldia prestatzeko "jende askok bere onena eman du, denon artean ospatzeko".
Gogoratu zuten Mendia oso ezaguna zela Urdiainen, Sakanan eta Nafarroan. "Gauza askotan erreferentea izan zen: txirrindularitza, ikastolan, ezker abertzalean eta hainbat esparrutan". Plaza beteta, "harro sentitzeko modukoa da".
Bere lagunek lekukotzak eman zituzten. Juan Manuel Galartzak esan zuenez, Mendia "alaia eta denon laguna. Zorte handia izan dugu bere ondoan ibili garenak. Beti zer egin eta nola egin, beti lana bila, eta ondokoei lana jartzen". Haren ahizpa Margarik esan zuenez, "txingurriak bezala, bakoitzak berea egiten du, bidea egiten dute. Anaiak gaurko festa horrela ikusiko luke". Pablo Senosiainek, berriz, esan zuenez, "bera zen moduan izanda, halako festa auzolanean egin behar zen". Apaolazak laburbildu zuenez, "partekatzea bizitzea da askotan esaten zuen. Elkarrekin egun handia partekatu eta bizi nahi dugu, denon artean gozatu".
Dantzariek familiari aurreskua dantzatu eta lore sorta eskaini zioten. Ondoren auzatea eta fanfarrea izan ziren. Elizazpi frontoiak 300 pertsonarendako bazkaria hartu zuen. Segituan izan zen kantaitak jendea dantzan jarri zuen ere. Arratsaldeko eta gaueko kontzertuek eta bokata janak ospakizuna ordu txikiak arte luzatzeko bulkada eman zien.