Astekaria

Landutakoa biltzen

Erkuden Ruiz Barroso 2025eko azaroaren 12a

Mantis taldeak Urdiainen eman zuen kontzertua. UTZITAKOA

Asun Zelaia urdindarra abeslariaren Mantis taldeak diskoa kaleratu du: Biltzen. Indie doinuetatik abiatu dira egunerokotasunari buruz hitz egiten duten zortzi kanta kaleratzeko. Azaroaren 7an aurkezpen kontzertua eman zuen Kaluxa tabernan.

Indie taldeen abestien bertsioak egiten hasi zen Mantis taldea, eta sortu eta ia hiru urte pasa direnean lehenengo diskoa kaleratu du Asun Zelaia urdindar abeslariaren taldeak: Biltzen. Azaroaren 7an, herriko Kaluxa tabernan diskoaren aurkezpen kontzertua eman zuen Erriberrin entseatzen duen taldeak. Laukote bat da: Jorge, Santi, David eta Asun urdindarra. 


Mantis taldeak Kaluxan emandako kontzertuaren talde argazkia. UTZITAKOA

Mantis taldea 2023. urtearen hasieran sortu zen. Abeslari bat behar zuten, eta urdindarra sartu zen. "Hasieran helburua zen jotzea eta gero ikusiko genuen. David baxu joleak hasieratik nahi izan zuen jo, eta Santik esan zion pixkatxo bat itxoin behar genuela ongi prestatzeko. Baina ez genekien nora eramango gintuen". Zortea izan dutela esan du abeslariak: "Laurak intentzio aldetik nahiko pareketatu gaude, eta horregatik sortzen joan da". Hala ere, hasieratik taldekideen nahia abesti propioak egitea izan zen, "naturaltasunez hasi ginen, lauron artean egiten ditugu abesti guztiak. Edonork eraman dezake letra bat, eta taldean moldatu egiten dugu". Zelaiak askatasun osoa du kantuetan eskua beldurrik gabe sartzeko: "Ez dakit emakumea naizelako izango den, baina letra bat ekartzen didate eta esaten didate: egin honekin zerbait". Abeslariak kantu klaseak hartzen dituenez, irakasleak ere laguntzen dio, "hori ere laguntza handia da"

Zortzi abesti zituztenean aste santuko oporretan "ez dakit nork esan zuen" diskoa grabatu behar zutela. "Eta horrela izan zen". Laurek lan egiten dutenez, asteburuetan NX estudioetan sartzen ziren abestiak grabatzera; "musika teknikariak ezagunak ditugu". Ekain aldera abestien grabaketa bukatu zuten, eta udan nahasketak egin dituzte. Diskoa deskargatzeko aukera dago taldeak sortu duen QR baten bidez (@mantisgrupoindierock).

Biltzen
"Egunerokotasunean gertatzen zaizkigun gatazkei, amodioei, naturari buruz hitz egin dute abestiek. Egunerokotasunean gertatzen zaizkigun gauzak". Estiloari dagokionez taldeak hasierako indietik jo dute eta funky eta rock lasaiaren doinuak ere entzun daitezke diskoan. 

Diskoa Biltzen da: "Guk askotan hitz egiten dugu nola bildu ginen; Jorgek esaten du hotsaren terapia egiten dugula ostiralero, gertatzen zaizkigun horiek partekatzeko. Beste alde batetik, haiek denbora gehiago ibili dira taldeetan, baina honekin konturatu naiz zer nolako lana dagoen abesti bakoitzaren atzean". Hortaz, taldea "bildu" zen eta orain "biltzen" ari dira lanaren emaitza. "Gure asmoa ez da gehiegi jotzea ere, baina bai egindako lana erakustea". Edozein talderen helburua hori dela gaineratu du abeslariak. 

Aurkezpen birarekin hasi ziren urriaren 24an, Erriberrin, nolabait taldearen herria. "Eszenatokia ezinhobea zen: Erriberriko plazako Obaloan. Marabilla". Pelikula batean zeudela zirudiela esan du Zelaiak: "Ondo egon zen herriko jendea gerturatu zelako, lagunak, helduak, haurrak... Oso gertukoa eta familiarra izan zen". Publikoa kontzertuaren hasieratik bukaeraraino gelditu zen, "eta komentarioak onak izan ziren, sorpresa izan zela".

Erriberri ondoren Urdiainen izan ziren: "Joera da kontzertuak Erriberrin egitea bertan entseatzen dugulako, Santi eta David bertakoak dira, baina Santik esan zuen: Zergatik ez dugu egiten aurkezpena gure hiru herritan? Oso ideia ona iruditu zitzaigun". Barbari, Kaluxa tabernako jabeari, esan zion eta baiezkoa eman zion. Hurrengo aurkezpen kontzertua Lizarran izango da, Jorgeren herria.

Naturala
Zelaia duela 30 bat urte Ortzin aritu zen abesten, etapa hori amaitu zen, "eta inoiz ez dut pentsatu berriro ere eszenatokira igotzea". Mantis taldearen proiektua sortu arte, "eta oso pozik nago". Kontzertuen hasieran "beti" urduri jartzen dela aitortu du, eta bi edo hiru abesti behar ditu "sartzeko", baina hortik aurrera "gustura". Etapa hau asko disfrutatzen ari da.  

Kontzertuak "oso etxean ibiltzekoak" direla esan du abeslariak: "Batzuetan entseatzen ari garenean koreografiak eta halakoak pentsatzen ditugu. Santirengana joango gara eta gero ez dakit zer. Entseguan oso ongi ateratzen da, baina zuzenekoan ahaztu egiten zaigu. Bat-batean ikusten dut David Santirengana gerturatzen eta zer ari da gertatzen?". Oso naturala gelditzen dela gaineratu du. Publikoaren arabera gehiago "engatxatzen" dute, "joko gehiago ematen du, baina orokorrean oso naturalak dira". Besteak beste, Bakaikuko festetako rock egunean eta Sorginak tabernan jo dute, baita aurreko urteko Urdingo festetan ere. "Feed backa oso ona izan zen".