UEMAko kide izatea erabaki du Urdiainek

Guaixe 2025eko azaroaren 7a

Urdiaingo ikuspegia. ARTXIBOA

Euskararen aldeko mankomunitate horretan dagoen ibarreko seigarren herria da.

Urdiaingo Udalaren osoko bilkurak aho batez onartu zuen Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko (UEMA) kide izatea herenegun, azaroak 5. UEMAk urte akaberako batzar nagusia Etxarri Aranatzen eginen du abenduaren 13an eta orduan sartuko da ofizialki erakundean. Aurretik ere Urdiain UEMAn egon zen, 2000. urtean sartu eta 2013an atera zen erakundetik. Abenduan UEMAko kide 120 udal izango dira. Guztien artean 355.000 biztanleko lurgune euskalduna osatzen dute.

Urdiain UEMAn dagoen seigarren herria izanen da. Haren kide dira Arruazu, Lakuntza, Arbizu, Etxarri Aranatz eta Bakaiku. Abenduan UEMAko kide 120 udal izango dira. Guztien artean 355.000 biztanleko lurgune euskalduna osatzen dute.

Urdiainek 642 biztanle ditu. Soziolinguistikoki, Urdiainen euskara indizea (euskaldunak + ia euskaldunak) %80,05 da. Ezagutzaren indize horrek, ordea, nabarmen egiten du behera kaleko erabileraren (%36,4) datuekin alderatuta.

Urteetako bilakaera orokorrari behatuta ere beheranzko joera sumatzen da. Garai bateko udalerri euskaldun askoren bilakaera argi erakusten du, beraz, Urdiainek: ezagutza altuko udalerria izan arren, erabilerari dagokionez erdara gailentzen da, eta horrek eta beste hainbat aldagaik agerian uzten dute euskararen aldeko hizkuntza politika aurreratuaren beharra, herritarren ahalduntzean eta hizkuntza ohituretan eragiteko, besteak beste.

Udalak gehienbat kezka horretatik abiatuta hartu dute UEMAra batzeko erabakia. David Oroz Alonso Urdiaingo alkateak esan duenez, "azken urteetan, duela 20 bat urtetik hona batez ere, kaleko errealitatea guztiz aldatu da Urdiainen. Lehen, euskaraz zekien jende gehienak euskaraz egiten zuen. Azken urteetan, ordea, erabilerak behera egin du, nabarmen, batez ere haurren eta gazteen artean. Ustez eremu euskaldunen bizi eta euskaraz ikasi arren, badira euskaraz eroso aritzeko gai ez direnak ia, eta horrek zer pentsatua ematen digu. Egoerari buelta emateko lankidetza guztien beharra izango dugu".