Ziklo-krosa

Urdiaingo ziklo-krosa, hotza eta lokatza artean

Guaixe 2026ko urtarrilaren 7a

Burunda Txirrindularitza Taldeak arrakastaz antolatutako proba Nafarroako Txapelketa izan zen

Ilbeltzak 4, sekulako hotza zela jokatu zen VI. Urdiain Ziklo-krosa, aldi berean Nafarroako Ziklo-kros Txapelketa zena. Txirrindulariek lohia izan zuten bidaide eta batere epeldu ez zuen eguraldia kontra izan zuten, baina horrek ez zituen kikildu, eta ikuskizun polita eskaini zuten Urdiaingo zirkuitu ederrean. Burunda Txirrindularitza Taldeak Aitziber elkartea taberna gisa zabaldu zuen eta mokadutxoak hartu eta epeltzeko aukera eskaini zien proba jarraitzera hurbildu ziren txirrindulari eta zaleei. 

Sailkapenak
Kadeteetan, mutiletan Aitor Beloki (Saltoki) gailendu zen (28:52). Unax Mazkiaran (Quesos Albeniz) 22. sailkatu zen (33:17), eta Unai Galardi (Sakana Group) 30. (38:03). Nesketan Sara Garcia (Saltoki) izan zen txapelduna (37:10). 

Juniorretan, mutiletan Raul Lopez izan zen azkarrena (39:16). Ekai Erdozia (Sakana Group) hamabigarren sartu zen (44:16), Ibai Galarza (Quesos Albeniz) hamaseigarren (46:16) eta Ion Unai Gonzalez (Alimco-Campagnolo) hemeretzigarren (49:13). Nesketan Mirari Gotxi gailendu zen (39:19). 

Eliteetan, gizonetan, Euskaltel-Euskadirekin aritu zen Jonathan Lastrak eta Diego Ruiz de Arkautek (Smartlog Nest) lehia ederra izan zuten, baina azkenean Lastra gailendu zen (01:03:41), Ruiz de Arkauteri 5 segundo aterata (1:03:46). Emakumezkoetan Ainara Elbustok (JRG Coloma) ez zuen areriorik izan (41:59) eta 2 minutu eta erdi pasa atera zizkion Aintzane Montalbani (Ecologicos Navarra-Beratxa, 44:33). 

Master 30 mailan Daniel Armendariz (BTT Artajona) gailendu zen, master 40etan Alexander Beristain (Akerbeltz), master 50etan Manu Quintanilla (Galdakaoko Santa Kruz) eta Aranzazu Azketa (Ermitagaña), eta master 60etan Aitor Zabaleta (Telleriarteko T.E.). 

Eskola mailako probak jokatu ziren ere bai, eta gustura aritu ziren neska-mutiko sakandarrak.