Magotteaux Navarraren ingurumen baimenean aldaketa

Guaixe 2026ko urtarrilaren 9a

Magotteaux enpresaren ikuspegia Kipulasoroko bidetik. ARTXIBOA

Mineral bat berreskuratzeko prozesuari dagokio aldaketa. 

Altzairu bereziak galdatzen dituzte Magotteaux Navarra SA enpresan. Zuzendaritzak bere ingurumen baimen integratuko baldintzetan aldaketa egitea eskatu zion foru administrazioari. Korindoia minerala berreskuratzeko ura darabilen prozesua du enpresak. Zuzendaritzak, zehazki, eskatu zuen baimenetik ken zedila kolektorera doan 5. isurketa-efluentea, korindoia berreskuratzetik datozen hondakin-urei dagokiena. 

Eskaera onartu dio gobernuak eta korindoia berreskuratzeko prozesutik datozen urak kudeatzeko baimentzen da 120301* EHZ kodea, garbiketako likido urtsuei dagokiena. Aldi berean, gobernuak eguneratu egin du hondakin urak udalaren kolektore sarean isurtzeko baimena. Ebazpenaren II. eranskinean jasotzen da zer isurketa egiten ahalko diren eta instalazioak zer baldintza bete beharko dituen. Baimenak bost urteko indarraldia du eta bost urtetik bost urtera automatikoki berrituko da, une bakoitzean eskatzen ahal diren kalitate arauak eta ingurumen helburuak betetzen badira.