Langilea larri

Guaixe 2026ko urtarrilaren 12a

Urdiaingo ikuspegia. ARTXIBOA

Lan istripua tailer batean izan da, eta langileak esku bateko bi hatz galdu ditu. 

Urdiaingo tailer batean lan istripua izan da astelehenean, ilbeltzak 12an, 08:10 aldera. Langileari esku bat harrapatuta gelditu zaio eta, ondorioz, bi hatz moztu dizkio. Zauritua, 37 urteko gizonezkoa, Altsasuko osasun zentroan artatu dute lehenik, eta bertan egonkortu. Ondoren, anbulantzia medikalizatuan eraman dute Nafarroako Unibertsitate Ospitalera, Iruñera, eta bertan geratu da, anputazio larriagatik. Foruzaingoaren Iparraldeko Brigada Judiziala ezbeharraren arrazoiak ikertzen eta eginbideak bideratzen ari da. 

Erreakzioak
CCOOko kideendako funtsezkoa da istripu larriak sakon ikertzea eta tresna guztiak eskuragarri jartzea berriro gerta ez daitezen. CCOOk gogorarazi du Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzko Legea betetzea nahitaezkoa dela enpresa guztiendako. Sindikatuko kideen iritziz, istripu gehiago gerta ez daitezen, beharrezkoa da lantokietan ikerketa handiagoa egitea. "Horregatik, urteak daramatzagu Nafarroan lan ikuskaritzako langile gehiago izateko beharra aldarrikatzen".

CCOOk prebentzioan inbertitzeko eskatu die enpresei. "Laneko osasun fisikoak eta mentalak konpainien lehiakortasuna hobetzen du, eta, batez ere, langileen ongizatean eragiten du, edozein erakunderen aktibo handiena eta garrantzitsuena baita".

Sindikatukoek nabarmendu dutenez, "2025ekoa urte beltza izan da berriro Nafarroako langileendako. Azken datuak jakin gabe, Estatuko lan-istripuen intzidentzia-indizean Foru Erkidegoa izango da berriz ere posturik txarrenak izango dituena. Lan-ezbeharren arazoak -Nafarroako adierazle sozioekonomiko txarrena- konpromiso handiagoa izan behar du erakundeen eta enpresen aldetik".

Sakanako Kontseilu Sozialistak adierazi duenez, "begi bistakoa da soldatapeko lanak etengabe arriskuan jartzen duela langileon osasuna. Horregatik, basakeria kapitalistarekin bukatzeko antolakuntzaren beharrean berresten gara".